GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Estrasburgoko epaia: aurrerapausoak emateko bide, ez kasketaldia hartuta men ez egitekoa

Estrasburgoko auzitegiaren epaiak inplikazio ugari ditu. Lehenik, berri zoragarri ederra da Ines del Riorentzat berarentzat eta egoera berean diren hamarka euskal presorentzat, baita beren lagun eta senideentzat ere. Bigarrenik, herri honen geroari begirako berri hagitz ona da, zigorraren eta mendekuaren esplotazio neurrigabe bezain lotsagabeari muga argia ezarri diolako. Tamalez, Europak 197/2006 doktrina hankaz gora botata, espainiar agintarien erantzuna ohiko parametroetan etorri da. Kasketaldia hartu, men egingo ez duela iragarri eta ezker-eskuin ilegalizatzeko mehatxuan tematu dira. Argudio demokratikoetan ahula denaren gogorkeria plantak eta mina emateko egarria baino ez ditu adierazten jarrera horrek. Penagarria da. Izan ere, atzo Herrirako kideek adierazi zutenez epaiak bide eman beharko luke aurrerapausoak emateko, salbuespenezkoak, sen onaren eta gatazkaren humanizazioaren kontrakoak diren neurrien deseraikuntzari ekiteko. Aukera parez pare dago, eta horrelakoak aprobetxatu egin behar dira.

Hori egin ezean, giroa pitzatu eta sufrimendua areagotuko ditu. Ez du indarrik erakutsiko, baina, ezta jendearen atxikimendua bilduko ere. Guztiz kontrakoa baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo