Srebrenicako sarraskia gogoratu dute bosniarrek, 17. urteurrenean
Srebrenicako sarraskiaren 17. urteurrenaren kariaz, 520 biktimaren gorpuak ehortzi zituzten Potocari Oroimenerako Zentroan eginiko ekitaldian. Bakearen Martxaren baitan milaka bosniar iritsi ziren bertara, 1995ean ihesean hainbatek egindako bidea jarraiki.
GARA | SARAJEVO
Srebrenicako sarraskiko 520 biktimen gorpuak ehortzi zituzten atzo Potocari oroimen zentroan, genozidioaren 17. urteurrenean. Bitartean, nazioarteko justizia Ratko Madic eta Radovan Karadzic serbiarrak epaitzen ari da, sarraskiak agindu izanaren akusaziopean.
Bosniako herri honetan ehortziko diren gorpuetako sei nerabeenak dira, Bosnian indar armatu serbiarrek hil zituztenean -1995eko uztailaren 11n- 15 urte zituztenak.
Milaka lagunek hartu zuten parte Bakearen Martxan, Srebrenicako herritarrek sarraskia hasi zenean soldadu serbiarrengandik ihesean egin zuten bidea -kontrako norabidean- eginez Potocariraino .
Martxan parte hartu zutenez gain, herrialde osoko beste milaka pertsona gerturatu ziren omenaldira. 1995eko uztailaren 11n Ratko Mladic jeneralaren tropa serbiarrak Srebrenica okupatu eta 8.000 gizonezko inguru hil zituzten.
Lurralde hori NBEren babespean zegoen garai hartan, soldadu holandarren esku.
Biktimen senideek hala eskatuta, aurten ez zen mintzaldi politikorik izan omenaldian.
«Min honek ez du amaierarik. Eta uztailaren 11 iristen den bakoitzean mina jasangaitza bilakatzen da», adierazi zuen Sevdija Halilovicek negarrez oroimen zentroan.
«Nire aitaren gorpuzkiak bi hobitan egon ziren. Nire bi anaiak ere erail zituzten, baina oraindik ez dituzte haien gorpuak aurkitu», aitortu zuen beste emakume batek.
Biktimen ehorzketa erritu islamiarraren arabera ospatu zuten, Mustafa Ceric, Bosniako komunitate musulmaneko hierarka nagusiak, gidatu zuen elizkizuna.
Orain, Potocariko hilerrian 5.137 biktimaren gorpuzkiak daude, DNA analisien bitartez identifikatuak izan direnak. Ehortzitako gorpuak hobi komun ezberdinetan aurkitutakoak dira. Orain arte 6.700 gorpu identifikatu dituzte, baina oraindik ere 1.500 lagunenek jarraitzen dute desagertuta.
Barack Obama lehendakariak eta David Cameron lehen ministroak, komunikatu banatan, Srebrenicakoa genozidioa izan zela ukatzen dutenen jarrera gaitzetsi zuten. Ekainean Serbiako presidenteak Srebrenican ez zela genozidiorik gertatu adierazi zuen elkarrizketa batean.