GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Argazkigintza teknika berriak eta zaharrak «Yosigo» erakusketan

Bitarteko digital zein analogikoekin egindako lanak bildu ditu Donostian inauguratu berri duen erakusketan Jose Javier Serrano argazkilariak. Artearen munduan hasiberria zen garaiko argazkiak ikus daitezke, estetikoki oso politak, baita bere ibilbidean jasotako eraginak zein bere bizipenak islatzen dituzten lan askoz ere pertsonalagoak ere.

p052_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Jose Javier Serrano argazkilariak bere erakusketa berria aurkeztu zuen atzo Okendo kultur etxean. Bildumak «Yosigo, azken urteak» du izena eta ikusgai izango da abuztuaren 25era arte.

Artistak berak lanaren nondik norakoak azaldu zituen atzokoan. Erakusketa Donostiako irudiekin hasten da, Serrano argazkigintzaren munduan hasi zenean erabiltzen zituen bitarteko digitalak erabiliz egindakoak. Irudiak handiak dira eta espazioarekin jolasten du zerumuga behealdean kokatuz. Artistak berak aitortu zuen bezala, estetikoak eta simetrikoak izatea nahi zuen, ezer kontatzeko intentziorik gabe. Irudi horietan Donostia ikus dezakegu batez ere, Serrano donostiarra izanik bere inguru hurbilean aurkitzen baitzuen inspirazioa.

Bizitza bat iruditan

«Jendearentzat ez dira politak, baina niretzat esanahi handia dute. Gustatzen zait jendeak argazki hauek ez ulertzea, banaka zentzurik ez badute ere, sail baten parte baitira, nire bizitzaren parte», azaldu zuen Serranok «Memoriaren mapa» sailera gerturatzean. Argazkiok atera zituen unean, kamera analogikoekin probak egiten hasia zen dagoeneko. Argazkiotan egunerokotasunean topa ditzakegun objektu eta eszenak agertzen dira.

«Espazio tematikoak» saila jolas parkeei buruzkoa da. Bertako irudietan, Salouko Port Aventura, Parisko Disneyland, Vienako Prater eta Igeldoko jolas parkea ageri dira. Argazkiotan zerbait deigarria suertatzen baldin bada, normalean jendez beteta dauden espazioak ia hutsik agertzen direla da. Hori lortzeko oso goiz altxatzen zen artista, eta, kasu batzuetan, atezainei parkera ireki baino lehen sartzen uzteko baimena ere eskatu zien. Bere aburuz, «parkeak hain hutsik ikusteak beldur pixka bat ematen du», eta hor dago, hain zuzen ere, xarma. Argazkien tamainari erreparatuz gero, deigarriak dira Port Aventuran ateratakoak, Polaroid kamera batekin egindakoak baitira, ohiko formatu txikian eta konposizio txukunak osatuz.

«Abandonatutako espazioak» sailean jada desagertu diren tokiak ekartzen ditu gogora Serranok, adibidez, Pasaiako lonja. Oraindik bisita daitekeen leku bakarra Artxandako jolas parkea da; bertako, egungo bakardadea primeran islatu du argazkilariak.

«Txikiteroak» sailean Bilboko tabernetan ibiltzen diren gizonen irudiak ageri dira. Polaroid kamerarekin atera zituen argazkiak Serronok, eta, ostean, eskaneatu eta handitu egin zituen denboraz gaindiko itxura emateko. «Txikiteroak beti dira berdinak, beraz, argazkiak zaharrak edo oraingoak diren zalantza sortu nahi izan dut. Gainera, zein ondo pasatzen duten irudikatu nahi izan dut, txikiteroak gurean besterik ez direlako existitzen», azaldu zuen.

Azken sailak «Jaizkibel» du izena. Serranori Jaizkibeleko ingurua argazkiak ateratzeko gehiegi gustatzen ez bazaio ere, bere ikuspuntutik azaldu nahi izan du; horretarako, naturaren edertasuna azpimarratu beharrean, paseoan joaten den norbaiten begiek ikusten dutena erakutsi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo