Udate
«Zeitgeist»
Irati JIMENEZ Idazlea
Aditu batek zioen frantziarrak beti dabiltzala Idazle Handi Baten bila, Errepublikako Letren Presidentearen peskizan. Yankiak, ostera, the great american novel delakoaren atzetik beti. Amerikako historiaren une jakin bat, bere horretan, zehatz, eta modu bikainean erretratatuko duen lan harrigarri baten bila. Zeitgeist omen alemanentzat une baten espiritua definitzeko hitza.
Auzokidea hurbiletik baina kanpotik ikusteak dakarren abantailari esker, nik pentsatuta daukat zein izango litzatekeen Espainiar Eleberri Handia. «Pasará factura» deitzen da eta John Kennedy Toolena dirudien pertsonaia zintzo baina antisoziala du protagonista. Etxea erosi nahi du, legearen betekizunak jagonik, baina lehertu gabeko higiezinen burbuilaren Espainian bizi da eta, zintzotasuna ez datorrenez 500 euroko billeteetan, legearen kontra bultzatzen dute une oro. Faktura nahi du, besterik ez. Iturginarena, elektrikariarena, etxe-saltzaileena, bitartekariena. Baina denei entzun behar die B kontabilitatea deitu zenaren B esaldia: «Faktura egiten badizut, gehiago kobratu beharko dizut». Sutu egiten da eta arerioak -Cervantesen erraldoien antzera baina alderantziz- etxe bihurtzen zaizkio. «Valle Inclanizatu» egiten da bidean, Etxekalteko ispiluetan desitxuratu eta Celaren zinismoaren tentaldira hurbildu. Fakturarik nahi ez zuen gizartea ustelkeriaren faktura ordaintzen hasten denerako erotuta egongo da, koitadua.
Arrakasta izango luke? Barre egingo genuke? Erosoa litzaiguke halako eleberri bat, Espainiako gizarte ustelari buruzkoa? Eta gu? Zein dira gure zeitgeist honetako ezaugarriak, gure fakturarik gabeko ustelkeriak? Zein ote, Gure Eleberri Handia?