Ipar Euskal Herria alokairuen prezioak blokeatzeko dekretu egitasmotik at utzi dute
A.B. | BAIONA
Lurraldeen Berdintasun eta Etxebizitza ministro Cecile Duflotek (Europe-Ecologie-Berdeak), lurraren prezioaren presioa pairatzen duten lurraldeetan, alokairuen prezioak finkatzeko dekretua aurkeztu zuen joan den uztailaren 4an. Dekretu horren bidez, berralokatzeari dagokionez, prezioak blokeatzea du helburu ministroak. Berrogei bat lurraldetan jarriko lukete indarrean, tartean, Paris, Niza, Bordele, Tolosa eta Grenoblen. Alta, prezioen inflazio izugarria dagoen arren, dekretuak ez luke Lapurdiko kostaldeko herrietan eragingo. Hori dela-eta, Abertzaleen Batasuna alderdiak erabaki horrekiko kexua agertu zuen. «ABko kideok zur eta lur gaude, ikusita Ipar Euskal Herria itxuraz ez dagoela neurri horrek ukituko lituzkeen eskualdeen zerrendan, bertan etxebizitza eta lurraren merkatuak tirabira gogorra bizi duen garaian», azaldu zuen alderdiak ageri baten bidez.
ABk diputatu kargua hartu berri duten Alderdi Sozialistako kide Sylviane Alaux eta Colette Capdevielleren eta Europe-Ecologie-Berdeak alderdiaren aurka ko hitzak jaurti zituen, azken horiek hauteskunde kanpainan, neurri horren alde egin baitzuten. «Alokairuen inflazioak jotzen dituen Ipar Euskal Herriko udalerriak» dekretu horren egitasmoan barne hartuak izatea eskatu zuen ABk.
Abuztuaren hasieran
Abuztuaren hasieran bozkatuko dute egitasmoa frantses Parlamentuan. Bitartean, Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle diputatuek Ipar Euskal Herria dekretuan kontuan hartua izateko txosten bat lantzen ari direla jakinarazi zuten eta datorren astean Cecile Duflot ministroarekin bildu eta txostena aurkeztuko diotela.