GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Arrokiagako herritarrak prest «Jose Mendiague» pastorala jokatzeko

Uztailaren 29an, arratsaldeko hiru eta erdietan, plazaratuko dute Arrokiagan Jose Mendiague bertsolariari buruzko pastorala. Jean Bordaxarrek idatzia, Argentina eta Uruguaiko euskal diaspora izanen du ardatz ikusgarriak. Ohiko pastoralaren erritmoaz, Argentinako doinuak ere entzuten ahalko dira. Orotara, ehun bat aktore izanen dira taula gainean. Bigarren emanaldia abuztuaren 5ean izanen da, hori ere arratsaldeko hiru eta erdietan.

p051_f01_149x89.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Arrokiaga herriak dituen 130 biztanleetatik 90 aritu dira zazpi hilabetez lanean, datorren uztailaren 29an, herrian bertan eskainiko den «Jose Mendiague» pastorala prestatzen. Ameriketara joandako euskaldunak omendu eta atzerrian izan duten bizimodua erakutsi nahi izan du Jean Bordaxar egileak ikusgarri honetan. «Exotikoa izanen da aurtengo pastorala», nabarmendu zuen atzo. 1845an sortu eta 1937an zendu zen Mendiague, euskal bertsolari ezizenez ezaguna zen.

18 urterekin, Argentinara eta Uruguaira joan zen, garaiko Euskal Herriko beste hainbat gaztek egin bezala. Urte horietan bi herrialdeetan gertatu ziren botere gerra eta aldaketa sakonen lekuko izan zen, eta, Mendiagueren bidez, horiek guztiak aipatuko ditu datorren uztailaren 29an, eta, ondotik, abuztuaren 5ean eskainiko diren emanaldietan.

Sozialki garrantzitsua

«Mendiague ohoratu nahi izan dut, baita haren testuingurua aipatu ere: immigrazioa zer izan den, zer egin duten euskaldunek han. Guztia historian oinarritzen da», gehitu zuen egileak. Iaz Telesforo Monzonen gaineko pastorala idatzi zuenak aurtengoari, bestelako kolore bat eman nahi izan dio, hau da, «diasporarena». Pastorala, hala ere, ez da ikusgarri soila, herri mailan dinamika sortzailea izan ohi da. Arrokiagako adin guztietako herritarrak aterako dira taulara emanaldirako. Zazpi hilabetez, biztanleez gain, atzerrira bizitzera joan direnak ere elkartzen aritu dira, astero, egiten aritu diren mustraketan.

Arituko diren 90 aktore eta hamasei soinugileekin, beste ehun bat laguntzaile arituko dira lanean emanaldiaren egunean. Sortzez Arrokiagakoa bertakoa izanik, Jean Bordaxarrek berak kantatuko ditu abestiak. «Pastoralaren prestakuntza bai kultura, bai hizkuntza, bai eta sozial mailan ere oso gauza garrantzitsua izaten da», goraipatu zuen. Mendiz inguraturik, Arrokiagako paisaia ederrenean barneratuko dira ikusleak lehen emanaldirako, antolatzaileen ustean, 3.000 inguru izanen direnak. Eguna, ohiko mezarekin hasiko da, goizean, eta, ondotik, karrikako desfilea eginen dute. Halaber, guztiei irekia dagoen bazkaria izanen da eguerdian aktoreekin.

HAZPARNEN IRAILEAN

Irailaren 8an pastoralaren azken emanaldi bat eginen da Hazparnen. Mendiague Urepelen sortu bazen ere, hemezortzi urtera arte Hazparnen bizi izan zen.

Nafarroako birkonkista aipagai duen «Amaiur» ikusgarria uztailaren 21ean emanen da

Uztailaren 21ean Amaiurren eta abuztuaren 10 eta 11n Maulen eskainiko da Pier Pol Berzaitzek sorturiko «Amaiur» ikusgarri «artistiko-musikala». Nafarroako «birkonkista saiakera» aipagai izanen du, eta egileen arabera, ikusgarrian ez da aipamen historikoa bakarrik eginen. «1512ko gertakarien aipamen erromantiko eta poetikoa eginen da». «Eszenografiaren aldetik, pastoraletik hurbil da ikusgarria, bai erritmoaren, bai eta kantuaren presentziaren aldetik ere», argitu zuten egileek. Nafarroako eta Zuberoako dantza taldeak, abesbatzak eta kantariak elkartuko ditu ikuskizunak. A.B.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo