GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Ez da aterako?

Amaitzear da astea. Egunak ziztu bizian joan dira, arinago oporretan daudenentzat. Eta zeresanik ez sanferminen zurrunbiloan murgilduta eman dituztenentzat. Horiei «Pobre de mí» kantatzeko eguna iritsi zaie. Batzuek, abesten duten bitartean, «azkenik!» egingo dute beren artean, baina beste batzuek benetako sentimenduz abestu dutela erakutsiko dute, bihar arte, jaiaren azken zantzura arte, parrandari eutsiz, eta etxerakoan arrazoi handiagoz «ene gaixoa!» esanez.

Ziztu bizian joan dira egunak, halaber, albisteen zurrunbiloan. Asteartean, Euskal Herrian hainbeste lagun zain gintuen berria iritsi zen Estrasburgotik. 197/2006 doktrina baliogabetu duen ebazpena, Ines del Rio euskal preso politikoa lehenbailehen askatzeko agindua, hain zuzen. Juan Mari Igarataundik, Ines del Riok eta beste dozenaka preso eta preso ohik bezala, ondo daki zer den zigortu zuen auzitegiak ezarritako zigorra osorik bete eta, auzitegi berak esandako data iritsita, beste auzitegi batek zigorra zortzi edo hamar urtez luzatzea. «Bagenekiena berretsi du Estrasburgok, doktrina hori legez kanpokoa dela, alegia», esan zuen Igarataundik. Berak 25 urte eman zituen kartzelan, baina Espainiako botere atzerakoi muturrekoei gutxi iruditzen zaie. Igarataundiren neska-laguna 197/2006 doktrina ezarri baino lehentxeago atera zen espetxetik, hogei urte inguruko zigorra beteta. Arras gutxi da, ordea, hogei, hamar, bost urte giltzapean, sikiera hilabete bat, herritik urrun, maiz bakartuta ematea zer den imajinatu ere ezin dutenen ustez.

«Ez da espetxetik aterako», esan zuen Gobernu espainolak berehala, bere Barne ministro Jorge Fernandezen ahotik. «Ez da espetxetik aterako», diote eztanda egin arte puztu zuten higiezinen burbuila baino harrotuago. «Ez da espetxetik aterako» diote zergak inondik inora igo behar ez zituzten horiek. «Ez da espetxetik aterako», erreskatea pentsaezina zela ziurtatu eta ondoren erreskateak ez zuela ondorio traumatikorik izango zin egin zutenek. «Gure» bankuen erreskateari «gure» ekonomiaren erreskatea esaten diotenek.

«Ez da espetxetik aterako», diote, justiziaren izenean, auzitegiek ezarritako edozein zigorri laburregi iritzita, gure lagun maiteenak legez kanpo kartzelan atxikitzen dituzten horiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo