Ainhoa Iraola Apaolaza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendaria
Kargugabetzeen zentzu eza
Aitortu beharra daukat ez nuela inoiz asmatuko hondakinen kudeaketaren gaiak sortu duen zalaparta eta zentralitatea lortuko zuenik. Bertsolari aski ezagun baten idatzia datorkit gogora, non aipatzen zuen hondakinen inguruko eztabaidatik denok irtengo garela irabazle, joandako urteetan zer egiten ari ginen pentsatu ere ez egitetik gure aurrean ze arazo daukagun begi bistan jartzera iritsi garelako. Ama lurraren babesean, hau da, gure etxeko teilatu eta hormak zutik eta irmo mantentzeko denok jakin behar dugu zerk kaltetzen duen gure bizitokia, berau babestu eta goxatu ahal izateko. Gure eguneroko ekintzek zer eragin duten eta aldaketa txikiek zein garrantzia duten jakitun izan behar dugu, nahiz eta horrek kontraesanetan bizitzea dakarren maiz.
Gaur egun denok gaude ingurumena babestearen alde edo datozen belaunaldien etorkizuna bermatzearen alde. Beraz, nola liteke behin eta berriz entzuten ditugun mezu katastrofikoak ez desagertzea? Hau da, aldaketa klimatikoaren arazoa, bizitzeko behar ditugun baliabide naturalen amaiera, biodibertsitatearen krisia... ez dira slogan hutsalak; gure errealitatearen ispilu dira, eta mezu hauek ez dira desagertuko ezbaian ez badugu gure bizi eredua jartzen. Epe motzeko errentagarritasun ekonomikoa lortzeko baliabide naturalen ustiapen mugagabean eta gizakiak natura kontrolatzeko borroka etengabean oinarritzen den ereduan bizi gara. Noiz arte? Inork ez daki zein den gu guztion marra gorria, erreferentziatzat zientzialariak ditugu etengabe argitaratzen dituzten hipotesi, emaitza, ondorioekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuari, Lasarte-Oriako zinegotziari eta etorkizunean beste hainbati ezarri nahi dieten kargugabetzeen bidez, PNV, PSOE eta PP alderdiek errentagarritasun politikoa hondakinen hierarkiaren lehen mailan jarri dute. Etorkizunak, ordea, lehen hiru postuak hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta birziklatzeari gorde dizkio. Ondorioz, dudarik gabe pausoz pauso eta auzolanean bide berria lantzen jarraituko dugu eta zentsurak eta kargugabetze mozioak alferrikakoak izango dira, zentzuak gidatzen duen herria baitago atzean.