GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Txumai Iturria, Txiki Falero ESAITeko Mendi Martxako antolakuntzaren izenean

Gora Euskal Herriko selekzioak

Fernando Alonso, Nadal, futbol selekzioa... ez dago dudarik, kirol mailan, espainolek harro sentitzeko motiborik badute. Eskubaloia, errugbia, futbol selekzioa... frantziarrek izan duten gisa berean. Beren estatuko baliabide guztiak dituzte alde: kirolariak, kirol zaleak, elkarteak, federazioak, instituzioak, kirol programak eta bekak... Nazioartearen errekonozimendu moral eta politikoa dute. Komunikabide guztien babesa eta bultzada sentitzen dituzte.

Euskal Herriko gizartea makina bat alditan agertu da bere selekzioaren alde, kirolariek ere beren atxikimendua erakutsi dute eskatu zaien aldiro. Aldiz, instituzioen aldetik, kirol federazio ezberdinen aldetik muzin egin zaio hain zabaldua dagoen aldarrikapen honen bideratzeari. Politikariek eta kirol federazioetako arduradunek aitzakia merkeak erabiltzen dituzte beren ardurak estaltzeko, eta hori gutxi balitz bezala, besteon ekimenak trabatzen saiatzen dira. Behin baino gehiagotan entzun diegu kirol federazioetako arduradunei honakoa esaten: «...legeak aldatzen ez diren bitartean, guk federazioetatik ezin dugu ezer egin...». Hori gezur hutsa dela adierazi nahi dugu. Hor ditugu surf, wushu-kung fu, sambo... kiroletan jorratutako adibideak Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna lortzea denon eginkizuna da: gizartea, instituzioak, kirol federazioak, kirolariak, komunikabideak...

Aurtengo ESAITen Mendi Martxaren leloak -«Aitzakiarik ez, konpromisoen garaia da. Euskal Herriko selekzioak orain»- horixe adierazi nahi du, hots, aitzakia merkeak alde batera utziz ea behingoz denok ofizialtasunaren bidean konprometitzeko gai garen. Guk geure bideari eutsiz, hamabigarrenez, Bidaxunetik abiatu eta Donostiarainoko ibilbidea jorratuko dugu. Bidean topatuko ditugun auzo, herri eta hirietan Euskal Herriko selekzioen aldeko mezua lau haizeetara zabalduko dugu. Ziur gaude gaur ereiten dugun haziak fruituak emango dituela etorkizunean.

Oporretan ere, ESAITeko Mendi Martxak aukera paregabea eskaintzen digu gozamena eta aldarrikapena uztartzeko. Euskal Herriko paraje zoragarriez gozatzearekin batera Euskal Herriko selekzioen aldeko mezua zabaltzen lagundu.

Uztailaren 28an hasi eta abuztuaren 4a bitartean, ESAITeko Mendi Martxan aurkituko gaituzue.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo