Udate
Ekintza zahar eta berriak uztartuko ditu Markinak jaietan
Atzo eman zien hasiera txupinazoak Markinako Karmengo jaiei, eta egun nagusia, Karmen Eguna, astelehena izango den arren, asteartera arte izango da jai giroa herrian. Jai Batzordeko kideen esanetan, aurtengo jaiek «ohituraz egiten diren ekintzak, herritarren ekimenak eta ideia berriak» uztartuko dituzte. Gerra Zibila gai hartuta hainbat ekimen gauzatu duen Garaian elkarteak bota zuen txupinazoa. Musikan, Su Ta Gar eta Egurra Ta Kitto taldeak aritu ziren bart.
Mikel PASTOR | MARKINA-XEMEIN
Markinak Karmengo jaiei hasiera eman zien atzo, Garaian elkarteak botatako txupinazoarekin. Asteartera arte iraungo dute ospakizunek, eta egitarau «anitz eta oparoa» izango dute, Jai Batzordeak adierazi duenez.
Gorka Fundazuri Jai Batzorde horretako kideak aniztasun horri balio handia ematen dio. Bere esanetan, ekintza batzuk «ohituraz egingo dira, tradizioari eutsiz», beste batzuk «herritarren ekimenez sortu eta mantendutakoak dira» eta badira «guztiz berriak, eta berritzaileak direnak ere».
Herri ekimenen artean, deigarria da Xemeingo Gaua deiturikoa. «Iaz Xemein Abesbatzaren urteurrena ospatzeko hainbat taldek emanaldia antolatu zuten», eta jendearen erantzuna «bikaina» izan zenez, «ekimena mantentzeko ahalegina egin dute talde guztiek». Aurtengoan gaia Gerra Zibila izango da, gudaren 75. urteurrenean.
Gerra Zibilaren beraren inguruan ekitaldiak antolatzeaz arduratu da Garaian elkartea ikasturte osoan zehar. «Egindako lana handia izan dela argi izan dugu batzordeko kide guztiek, eta horrexegatik txupinazoa botatzeko aukeratu ditugu», azaldu zuen Fundazurik.
Herri bazkaria, ardatz
Aipatu bezala, ekimen berriez gain, zenbait tradizio edo ohitura mantendu egingo dira. Haien artean, nagusia, gaur eguerdian egingo duten herri bazkaria, Karmengo jaien ardatz bihurtu dena.
Herriko kuadrillek izena ematen dute euro bakar baten truke eman dute izena. Fundazurik argitu bezala, azkenengo urteetan «2.500 lagun inguru batu dira zelaian», eta aurtengo edizioan antzeko kopurua gerturatzea espero dute antolatzaileek. «Giro oso ona sortzen da zelai inguruan, kuadrilla guztiek paellak sukaldatzen dituzten bitartean, eta ondoko bazkarian», argitu dute antolatzaileek.
Bazkalostean «Herritxoua» ospatzen da beti Markinan. Urteetan zehar, playback lehiaketa egiten zen, baina azken urteetan parte hartzea jaitsi egin dela ikusita, eredua aldatzea erabaki zuten antolatzaileek. Iaz Abarka antzerki taldeak hartu zuen bere gain bazkalostea girotzea, eta aurten berriro ere hala izango da. Taldeka edo bakarka, magia, dantza, abestu... edozer egin daiteke, baina betiere, ikuskizuna emanez.
Urtero bezala, txupinazoaren ostean bizikleta kalejira egingo dute Markina-Xemeingo kaleetan zehar. Aurten lehendabiziko aldiz, musikaz alaituko dute txirrindularien martxa tradizionala.