Udate
«Mairuaren alardea», bolbora usaina eta odola zainetan Antzuolako jaietako marabillan
Aurten ere, hemen da antzuolarrek elkarlanean eta ilusioz prestaturiko antzezpen «marabilla» gozatzeko unea. Mairuaren alardea, bere mezu hunkigarri, bolbora usain eta arropa zuri dotoreekin begiak dibertitu eta erraiak aztoratuko dituen ikuskizun emotiboa. Bertaratukoak kitzikatuko ditu eta jaietan barneratuko. Publiko ororentzat eskaintzak aukeran, bertako jende jator askoaren tratuaz gozatuz, «Antzuolako jaixak» topera pasatzera gonbidatuz.
Mañel Larena | ANTZUOLA
Aurten ere iritsi da Antzuolako jaietako egun handia, antzuolarren ospakizun kuttuna, barne-barnean sentitu eta auzolanean antzesten duten marabilla. Gaur da, berriz ere hemen da, arratsaldeko zazpietatik aurrera, Mairuaren alardea. Eskopetak sorbaldan, kanoiak alboan, trokeo dantzak, Iparragirre bardo unibertsalak Antzuolari eskainitako bertsoak kantuan, arropak zuri-zuri, ederki lisatuta... herriak biziarazten duen kondaira plazaratuko da beste behin ere.
Bi gertakari goraipatzen ditu alardeak. Foruen galeraren aurretik euskal herrietan ohikoak ziren arma eta milizien egoera jakiteko alardea gogoratzea batetik, eta, bestetik, ziurtasun zientifiko eta historikorik ez badago ere, ustez antzuolarrek 920. urtean Valdejunqueran mairuen kontra egin zuten borroka. Bi pasadizoak konposizio bakarrean emanez. Zinez hunkigarria, ikuspegi historiko eta folklorikotik begiratuta balio handiko perla eta euskal kultura herritarraren altxor ikaragarri aberatsa den marabilla osatuz.
Betiko Mairuaren alardea izaten jarraitzen duen arren, eszenaratzean, janzkeran, bai eta mairuaren eta bere segizioaren trataeran berrikuntzak izan ditu. Izan denari leial, akusazio maltzurrak -mairuak estigmatizatu eta umiliatzen dituela, kasurako- gezurtatuz, bukatu zen asto makilatuan zebilen mairuarena. Egun, antzuolarren buruzagiarekin berdinetik berdinerakoa da harremana, ondra- tua, adiskidetasunezkoa.
Behin mairuak euskal aberria onartu eta ez duela gehiago haren kontra egingo hitzeman ostean, «gure armak sutu daiskun» oihuarekin eskopeta eta kanoi hots beldurgarri batek emanen dio akabera antzezpenari, «bi herrixen adiskidetasunaren seinale».
Eta bukaerarako, herritar den-denek «Antzuolako doinuak» kantatzeari ekingo diote, bihotz-bihotzetik, hotsandiko ospakizunei dagokien seriotasunarekin, herri nortasunaz harro, izan zirenaren lekuko, direnaren protagonista eta geroan ere izango direnaren iragarle.
«Zuena eztogula zapalduko»
Nabarmentzekoa da buruzagiak eta mairuak herriko plazan izango duten elkarrizketaren tonu adiskidetsua. Mairuak, bere hizkuntzan, gure aberriaren aurka berriz egingo ez duela hitzeman eta gero, buruzagiaren hitzak benetan sarkorrak dira: «... guk pe gure herrixan izaeria eta nortasuna deffendituko dogu... eta zin eitten dotzut, zuena eztogula zapalduko». Eta, oro har, begiak zoragarri dibertituko dira okasiorako antzuolarrek antolatutako jaialdiarekin, hango tunika, turbante, praka eta atorra zuriekin... bolboraren usaina, herri oso baten odola zainetan bor-bor; elkarlanean eta ilusioz esangura handi-handiko marabilla egiteko gai direla enegarrenez demostratuz.
Seguru, Antzuolara hurbiltzen direnak errepikatzeko gogoz geratzen direla, antzezpen emotibo baten baitako sentituta. Eta behin bertaratuta, Mairuaren alardearen ostean, oraindik gauza asko direla ikusteko eta gozatzeko erabakita, gau giroan murgiltzeko gogoak gidatuko ditu ondorengo erabakiak.
Parrandak etenik ez
Alardea bukatuta, Antzuolako jaien egun handiak bide luzea du oraindik. Zurrategin herri afarira biltzea aukera ederra izan daiteke, energiak indarberritzeko. Lasai afaldu, Antzuolako istorioak entzunez, tokiko euskara eder baten doinuarekin eta jator askoa den jendearen tratuarekin gozatuz. Hortik aurrerakoak, norberaren gustu eta zortearen kapritxoen araberakoa. Orotarik baita aukeran.
Plazan erromeria izango da Joselu Anaiak taldearen eskutik. Gauerdian, zezensuzkoak alaituko ditu oporretan diren gaztetxoak, herriaren erdi-erditik behera doan errekaren petriletan garagardo eder bat edanez daudenak bezalaxe. Ordu txikiak arte izango da musika, kalean gora, kalean behera, herritarrak eta inguruko herrietakoak dabiltzala, uztail beteko egun baten argitzea disfrutatzeko paraje ezin aproposago batean.
Igande eguerdian, aldiz, «bixamonak bixamon», haurrentzat magia ikuskizuna izango da Eriz magoarekin. Eta horrez gain, aurrenekoz aurtengoan, Debagoieneko I. Txakolinaren Eguna ospatuko da, eskualdeko Upain, Kataide eta Otxia upategien eskutik. Giokelak saiheski pintxoak banatuko ditu, Idiazabal jatorri-deiturako gazten dastatzea ere izango da, eta hori guzti hori, prezio ezin herrikoiagoan gainera.
Txakolinak berezkoa duen txinpartak bizkortuta, bertako elikagaien zaporeak gozagarri, espero daiteke jaietako igandeko familia bazkariak eta beste edonor asetzeko modukoak izango direla. Siesta txikia egin, eta arratsaldean bada bai zer ikusi eta zer gozatu.
Pilota partida profesionalak, kasurako. Bertako pilotari Mendizabal III.a eta Soraluzeko Laskurain, Aritz Lasa eta Zabaletaren kontra, besteak beste. Pilotaren ostean, «Larrialdia, pronostikoa erreserbatua» klown ikuskizuna ala larraindantzaren emankizuna aukeran izango dira, herriko plazan Bidusound-ekin DJ saioa entzungai izango den bezalaxe.
Antzuolarren ametsen neurrira
Gauerdian Hontzaren igoerak akabera emango die, ofizialki, aurtengo jaiei. Gaua luzea da oraindik eta gautxoririk ez da faltako, ez, Antzuolako herrian.
Nornahirekin lasai hitz egitea eta natural-natural bertako sentitzea erraza izango da Antzuolara hurbiltzen denarentzat. Une eder askoa gozatzeko gonbidapen zirraragarria. Xarmanta.
Ongi pasa Antzuolako jaixetan. Inorekin pasatu gabe, baina tope-topera. Ez daudenak gogoan beti, herrian libre izan arte egonean egoterik ez dagoela-eta, haien ausentzia gertuko presentzia bilakatuz. Jaiak izan daitezela antzuolarrek egiten dituzten ametsen neurrikoak!
Buruzagiak eskopeta eta kanoiekin tiro egitea agintzen du: «Soldaduok! Valdejunqueran hildako danen heriotzak gogoratu bihar dittugu, eta aldi berian gure herrixen arteko adiskidetasunaren seinale, gure armak sutu daiskun! Gora Antzuola! Gora Euskal Herria!» oihukatuz.
Urdailak kitzikatzeko gonbita: larunbatean, txosnek antolatuta, herri afaria Zurrategin. Igandean, txakolina, saiheski pintxoak eta Idiazabal gazta, lepo.