Bermutean....Iñaki Perurena
«Sanferminetan gozatzeko, planik ez egitea izan ohi da planik onena»
Ion ORZAIZ | IRUÑEA
Berrogei urtetik behera duen orok ez du Iñaki Perurenaren erakustaldirik gabeko sanferminik ezagutu. Leitzako harri-jasotzaile, aktore eta poeta klasiko bat da Iruñeko festetan. Horixe esan diogu elkarrizketa honen hasieran, eta berehala egin digu zuzenketa: «Klasikoa ez, zaharra!».
55 urte ditu Iñakik, eta 18 urterekin egin zuen lehen erakustaldia Nafarroako hiriburuan. Ordutik, zeharo aldatu dira sanferminak, Iruñea eta Perurena bera. «Ezberdintasunik handiena nire baitan sentitzen dut nik, baina horrez gainera, hiria eta jendea ere aldatu egin da denbora tarte laburrean. Izugarri. Kontuan izan, gure herriaren historiaz ari garenean, 30 edo 40 urte huskeria bat dela. Horregatik, are harrigarriagoa da gauzak horrenbeste aldatu izana», azaldu digu.
Aldatu den gauzetako bat Iñaki bera da. Lehen, bakarrik etortzen zen Iruñera, harriak jasotzera eta, gaur egun, semearekin batera etortzen da [aurten, semeak ezin izan zuen Foruen plazan egon, gerriko minak jota]. Aldatu ez dena jendeak erakusten dion maitasuna da. «Oso polita da urtero-urtero Iruñera etorri eta halako animoak jasotzea», aitortu digu. Iruindarren maitasun eta miresmenaren adierazle da, adibidez, Napardi elkarte gastronomikoaren Urrezko Oilartxoa. Iragan uztailaren 9an jaso zuen saria Perurenak, biziki hunkituta.
Festak parranda hutsa baino gehiago direla aldarrikatzen du harri-jasotzaile nafarrak: «Batzuentzat, festa parranda besterik ez da, baina nire ustez, askoz gehiago ere bada. Modu asko daude sanferminekin gozatzeko, eta askotan, planik ez egitea izan ohi da planik onena. Jendea parrandan dibertitzen ikuste hutsa gozamen handia izan daiteke askorentzat».
Eta Iñakik? Zerekin gozatzen du Iñakik? «Goizean jaiki eta neure buruari esaten diodanean `gaur Iruñera joanen naiz, harriak jasotzera', izugarri pozten naiz. Aspaldi, neure buruari esan nion harriak jasotzen zahartu nahi nuela, eta ia 40 urte daramatzat zeregin horretan. Harri txikiak badira ere [100 bat kiloko harri `txikiak'], gai naiz, oraindik orain, honetan aritzeko. Sekulako poztasuna eta ilusioa ematen dit horrek». Eta ikusleek bat egiten dute (dugu) ilusio horrekin. Urte askotarako izan dadila.