GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Espioitza politikoa, praktika instituzionalizatua

Bi euskal presoren senideek salatu dute lokalizazio eta jarraipenerako gailuak atzeman dituztela euren autoetan. Ez da, zoritxarrez, kontu berria. Aurkitu eta salatu diren kasuak ugari izan dira azken urteotan, eta pentsatzekoa da aurkitzeke eta salatzeke geratu direnak askoz ere ugariagoak izan direla. Orain euskal presoen senideak izan dira, lehenago arduradun politikoak, herri mugimenduko kideak izan ziren. Argi adierazten du horrek gizartearen espektro zabal bat ilegalki zelatatua eta instituzionalizatua den espioitza praktika baten biktima dela. Askatasun eta pribatutasunerako oinarrizko eskubideen zangopilatzea ohikoa dela Euskal Herrian. Eta argiro nabarmentzen du «doktrina antiterrorista» eta bere bitartekoak bizi-bizi dabiltzala, eta bere deseraikuntza eta mentalitate demokratiko baten gorpuztea urruti daudela oraindik.

Ez da lar azkarra izan behar ohartzeko zein dabilen praktika zital horien hariak mugitzen. Espainiako inteligentzia zerbitzuak, hain zuzen. Euskal Herrian abian den soluzioen aukera zapuztea xede duen agenda sekurokratari men eginez dabiltzan kolore ezberdinetako milaka polizia-agente eta agente sekretuak. Eta inpunitate legala eta PPren bultzada politikoa baliatuz, elementuok denbora berriotan oso kontuan hartzekoa den arrisku taldea osatzen dute. Praktika horiei amaiera ematea lehentasunezko izan beharko lukete Euskal Herriaren aldeko eragile politikoek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo