GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lurraldearen oreka lortzeko, antolamenduan aldaketak eskatu ditu Gipuzkoako Aldundiak

GARA | DONOSTIA

Lurraldearen Antolamendurako Gidalerroen (LAG) berrazterketari alegazio idatzia aurkeztu dio Gipuzkoako Aldundiak. Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko Departamentuko zuzendari den Peio Gasconek atzo adierazitakoaren arabera, krisialdiak lurraldea antolatzeko jarraibide berriak ezartzeko aukera izan behar du, izan ere egoera ekonomiko honen aurretik proiektatu baitziren LAGak.

Zentzu horretan, aldaketak jazotzen ari direla aipatu zuen; esaterako, orain urte gutxi, migratzaileak Euskal Herrira etortzen ziren bitartean, gaur egun hemendik beste leku batzuetara abiatzen hasiak direla pertsonok.

Akatsak ere onartu zituen Gasconek, bere ustez LAGak martxan jartzeko metodologia ez baita egokia izan. Horregatik, parte-hartze prozesu «erreal eta eraginkorrak» aldarrikatu zituen.

Era berean, gogorarazi zuen azken urteetan sentsibilitate politiko bat erakundeetatik baztertuta egon dela eta beraz, ez duela halako erabaki garrantzitsuetan parte hartzeko aukerarik izan.

Balantzaren orekatzea

Aldaketak proposatzen ditu beraz Bilduk Aldunditik, bere ustez, EAEko hiru hiriburuak indartuta dauden bitartean, eskualdeak ahulduta gelditzen baitira. «Eredu honek lurraren gehiegizko artifizializazioa bultzatzen du», esan zuen. Eta adibide gisa honakoa jarri zuen: «EAEn azken hamar urteotan 4.900 hektarea erabilera industrialerako birkalifikatu dira, industrialdeen azalera guztitik 4.600 hektarea erabili gabe daudenean».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo