Udate
Eako Poesia Egunetan, Mikel Lasaren poemak eta Ruper Ordorikaren kontzertua gaurkoan
GARA | BILBO
Xabier Amurizaren hitzaldiarekin ekin zieten atzo Eako Poesia Egunei, eta gaurko eta biharko ere egun osoko ekintza mordoa iragarrita dago Bizkaiko kostaldeko herrixka honetan. Aurtengo «Poesia hutsa edo azukreagaz» lelopean, 10.30ean, Mikel Elortzaren hitzaldia izango da Baletxen, «Lp bat poema», musikatuak izan diren poemen errepasoa eginez.
13.00etan, «Idazleak irakurle» poema errezitaldia egingo dute lau idazlek. Yolanda Castaño galiziarrak eta aurtengo idazle gonbidatuak, Jon Gerediagak, Ione Gorostarzuk eta Iñigo Astizek. Musikaz lagunduta izango dira gainera, The Soul Stompers-en doinuekin.
Bedaroan egingo da 15.00etan herri bazkaria, eta 16.30ean, «Mikel Lasa gure artean» solasaldi musikatua izango da Edorta Jimenezek gidatua, Garazi Izagirre eta Itziar Etxegiarekin. Antolatzaileek aurreratu zutenez, Mikel Lasak ez du printzipioz parte hartuko, baina bertan izango da.
Iñigo Aranbarrik idatzitako «Munduan beste» antzerkia izango da 19.00etan Apikalen, eta 22.30ean, Dantzaz Konpainiak eta Biraka dantza taldeak, Eako umeekin batera, «Sarritsasoa» kale-antzezlana egingo dute Barruko moilan, Joseba Sarrionandiaren testuetan oinarritutako lana. Eguna amaitzeko, «Oroimenaren mapa» kontzertua eskainiko dute Ruper Ordorikak eta Jon Pirisek, 23.30ean Eskolapen. Hau ere Sarrionandiaren testuekin.
Bihar, Yolanda Castañoren hitzaldia izango da Baletxen 11.30ean, Leire Bilbaok bere «Scanner» liburuko poemak errezitatuko ditu moilan Domentx Uzinek lagunduta, eta 17.15ean, Natxituko bolatokian, «ezohiko» poema errezitaldia izango da: «Ez dok/n armairu».