GARA > Idatzia > Kultura

udate | iruñeko sanferminak

Oztopoen gainetik, Gora Iruñea! plataformak bere jaia ospatu du

Sanferminak hasi baino egun gutxi lehenago prestatutako guztia deuseztatuta geratu arren, plataforma iruindarrak, indarrez beteta, aurrera atera zuen jai egun oso bat. Hainbat kontzertu eta ekitaldi, eta herri bazkaria besteak beste. Goizean goizetik hasita eta gau iluna arte, Iruñeko taldeek sanferminak jai herritarrak, partehartzaileak eta berdintzaileak izan behar direlaren aldarria atera zuten Konpainia plazara.

p058_f01_100x100.jpg

Aitor AGIRREZABAL | IRUÑEA

«Jaia debekatu digute eta jaiarekin erantzun dugu», argi utzi zuen Xabi Garciak, Gora Iruñea! plataformako kideetako batek. Iruñeko jaiek merezi duten moduko egitarau bat prestatua zutenean, Udalaren ezetza dela-eta bertan behera utzi behar izan zuten.

«Jai herrikoi, euskaldun, parekide eta parte-hartzaileen alde» osatu zuten sanferminetako aste osoko plana. Azken momentuko debekua dela-eta, atzokora mugatu zuten.

Goizetik adin guztietako jende ororentzat prestatutako hainbat ekintza izan ziren. Hasieratik hurbildutakoek hamaiketakoa izan zuten, ogi apurrak, eta gutxika-gutxika jendea hurbiltzen hasi zen. Eguerdian, Iruñea Taldeko fanfarreak kalejira hasi eta beste hainbat kide batu eta gero, Txan Magoaren txanda heldu zen. Txikienek, eta ez hain txikiek ere, haren ikuskizunaz gozatzeko parada aurkitu zuten Konpainia plazan.

«Udalak ez du sanferminetan herri mugimenduentzako lekurik nahi», azaldu zuen Xabik. Dena UPNren estrategia baten barnean dagoela argi ikusten du: «Ez du bakerik nahi. Gurea kasu bat da, baina riau-riauan guztion bistara geratu zen», gogorazi nahi izan zuen gazte iruindarrak.

Hala ere, jendearen elkartasuna jaso dute eta Konpainia plazan 200 pertsonarendako herri bazkaria prestatu zuten, nahiz eta egun hauetan «herriaren erantzuna erraza ez dela» ere aitortu. Bilboko Konpartsek ere, babesa erakutsiz, Iruñean egon nahi izan zuten, eta jai giroan sartu ziren hasiera-hasieratik. Beroak ere lehen ordutik astindu zituen Iruñeko bazterrak eta horri ere aurre egin behar izan zioten han bildutakoek. Trago eta tragoxka artean, itzal apurren baten bila aritu zen jende oro.

Gerturatukoen artean denetarik zegoen, baita Laponiatik iritsitako aita-semeak ere. Stein Svaza laponiarra Karasjok herri txikitik, herrien elkartasun egunera gonbidatua izan da. Duela hamabi urte Euskal Herrira lehenbizikoz etorri zenetik bertako historiaz maitemindu zen, eta orain semeari helarazi dio. Matthias Svaza, 16 urteko gaztea Iruñean barna ibili zen Gora Iruñea! jaialdira hurbildu aurretik, eta Karmen kaleko Herriko Taberna bere txoko gustukotzat hartu zuen.

Aitak, egun osoan egindako ekitaldien aurrean, benetako poza erakutsi zuen: «Ez galdu bertako ohitura eta jaia», azaldu zuen, gero eta internazionalagoak diren sanferminetan.

Arratsaldean jaiak aurrera

Bazkarian indarra ongi hartu eta gero, parranda egiteko gogoak ez zuen behera egin. Bazkalostea Trikidantz musika taldeak girotu bai, baina sabela ongi beteta, batzuei besteei baino gehiago kostatu zitzaien aulkitik jaikitzea. Hala ere, festan murgiltzea beste erremediorik ez zuten aurkitu horiek ere.

Behin hankak berotuta, kalejirak eman zion segida, fanfarre baten eskutik. Helduek potea eskuan zuten bitartean, haurrek ez zuten aspertzeko betarik izan, eta Irrien Lagunen Klubak algara ederrak eragin zituen.

Eguna gorenean amaitzeko, hiru kontzertu izan ziren Gora Iruñea! plataformak jarritako agertokian. Bertan, Demokrazia Zero, Pottoka Punk edo Esne Beltza taldeekin dantza eta festa egiteko aukerarik ez zen falta izan. Azken talde hori lehenbiziko egitarauan ere jotzekotan zen, eta aldarrikapenaren parte ere izan ziren.

Goiza gauarekin elkartuz, Gora Iruñea! Eguna jai eguna bihurtu zen, «jaia protesta egiteko modua» bilakatuz. Baina Udalak hartutako jarreraren eta erabakien ondoren, ez zen atzokoa izan sanferminetan egindako aldarrikapen bakarra. Uztailaren 7an zezen-plaza kolorez apaindu zuten, alkate jaunak herriaren nahia ikus zezan, eta egunez nahiz gauez Jarauta kaleko Gora Iruñea! txokoan dagoen giroa nabarmendu zuten.

Baimena ezetsi zietenek oraindik ez diete erantzun ofizialik helarazi. Gaur egun, jasotako argibide bakarra, Xabi Garciak azaldu zuenez, lehiaketa batean sartu eta ez zutela irabazi izan da. Azpiegitura eta programa izan omen ziren beren punturik ahulenak, baina aukeratutakoarekin konparatzerik ez dago: iruindarrek eguna joan eta eguna etorri adin guztientzako ekitaldiak zituzten prest. Bi agertoki, eta txikienak aukeratua izan denaren tamaina berbera du, eta horretaz gain bi karpa handi eta jan eta edana egun osoan zehar hartzeko lekurik ere bazen.

Asteburuarekin batera iritsi zen Gora Iruñea! Egunaren txanda, eta horrek lagundu egin zuen inguruetako hainbat eta hainbat euskaldun bertaratzera arratsaldeak aurrera egin ahala. Azken ordurako, eta kontzertuen aitzakiarekin, plazak itxura ederra zuen.

Luzaroko lanak emaitza izan zuen atzo eta iruindarrek argi utzi zuten, atzo ere, jaiaren zati handi bat direla, eta oztopo guztiak ez direla nahikoa izanen agintariek gustukoak ez dituzten festak geldiarazteko.

ERANTZUTEKO JAIA

Plataforma iruindarrak ez zuen dudarik izan debekuei aurre egiteko zer bide hartu erabakitzean. Udalak jai herrikoia galarazi bazuen, jai herrikoi batekin erantzutea baino modu hoberik ez dagoela iritzi zioten.

LAPONIATIK

Euskal Herriko hainbat bazterretatik iritsitakoak bakarrik ez ziren bildu Konpainia plazan. Laponiatik ere bertaratu ziren aita-semeak, euskal kulturari babesa emanez, 1512-2012 plataformaren elastikoa soinean zutela.

GAUEZ JAI GIROA

Jaiak ez zuen etenik izan egun osoan, eta afalorduan ere kontzertuak izan ziren Demokrazia Zero, Pottoka Punk eta Esne Beltza taldeen eskutik. Era honetan ordu askotako lana burutu zuten iruindarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo