Gerediaga eta Iurretako bidesariak parekatzeko eskatu du Bilduk
Lea-Artibaiko herritarrak ekonomikoki zigortuak daudela iritzi zion atzo eskualdeko Bilduk; izan ere, Gerediagako ordainlekutik Bilbora doazen gidariek, Iurretatik doazenek baino gehiago ordaintzen dute. Gaia Batzar Nagusietara eramango dutela iragarri zuten.
GARA | MARKINA-XEMEIN
Lea-Artibaiko herritarrak ekonomikoki zigortuak izaten ari direla salatu zuen atzo eskualdeko Bilduk; izan ere, Gerediagako ordainleku berriaren irekierarekin, Gerediaga eta Iurreta artean N-634 errepideko trafikoa murrizteko helburua bete dela onartu zuten arren, ordainpeko bide horretatik Bilbora doazen gidariek Iurretatik Bilborako hautua egiten dutenek baino 0,79 euro gehiago ordaintzen dutela salatu zuten.
Tarifa horrekin, koalizioaren ustez, Bizkaiko Aldundiak Lea-Artibaiko herritarrak «beste behin zigortzen» ditu, eta horrenbestez, oreka lortze aldera, Gerediagatik Bilborako tarteak Iurretatik Bilborako tarteak duen prezio berbera eduki beharko lukeela adierazi zuten.
Prezioen arteko desorekaren ondorioz, eskualdeko gidari batzuk Gerediagako ordainlekutik sartu eta Iurretan irteten direla ohartarazi zuten, gehiago ez ordaintzeko. Hala, berriro autobidea hartuko dute, Bilboko norabidean, horrela eginda bidesaritan lehen bezainbeste ordainduko dutelako, alegia, 2,01 euro.
Egoera horrek Iurretako biribilgunean trafikoa pilatzea ekarriko luke, Bilduren ustez, eta inguruan bultzatzen ari diren trafiko berregituraketari kalte egingo lioke horrek.
«Ardatz erradialen inguruan, bere momentuan egiten genuen irakurketan esandakoa berretsi beharrean gaude, alegia, Lea-Artibai bigarren mailako eskualde dela Bizkaiko Foru Aldundiarentzat, Urberuaga-Berritxu errepidea ez egiteko erabakiaz gainera, orain, Durangaldeko trafikoa arintzeko ere Lea-Artibaiko biztanleak gara kaltetuenak», esan zuten.
Egoera zein den azaldu ostean, ordezkariek aurreratu zuten Gerediagako errepide berriak eragindako tarifa sistema birplanteatzeko eskaera egiten jarraituko dutela. Horretarako, udaletan mozioak aurkezteaz gainera, gai hau Batzar Nagusietan aztertzeko eskatuko dutela baieztatu zuten.
Gehiago ez ordaintzeko gidari batzuk Gerediagako ordainlekuan sartu eta Iurretan ateratzen direla ohartarazi zuen Bilduk. Ondoren, autobidea hartzen dute berriro, Bilboko norabidean.