GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Picassoren «Gernika» koadroan oinarritutako alfonbra erraldoia

Gernikako sarraskiaren 75. urteurrenaren harira, Donostiako Nomada dendak Picassoren artelana alfonbra batean islatu du Koldobika Jauregi artistaren bidez. Benetako «Gernika»-ren neurriak mantentzen dituen artelana (779x349 cm) errefuxiatu tibetarrek eskuz egindakoa da.

p048_f01.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Beharbada, moldaketa gehien izan dituen artelana da Picassoren «Gernika», eta formatu ezberdinetara gehien ekarritakoa. Bada, oraingoan, beste moldaketa bat ezagutu du artelanak. Donostiako Nomada dendak, bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratzeko, artelanaren benetako neurriak errespetatzen dituen alfonbra jarri du ikusgai: «Artistari ezarri genion baldintza bakarra izan da, benetako neurriak mantentzea», azaldu du Nerea Agirre jabeak.

Egilea Koldobika Jauregi (Alkiza, 1959) eskultore ezaguna izan da. Bere estiloari jarraiki, Euskal Herriko baserri giroko elementuak eta Ekialdeko imajinagintza nahastu ditu alfonbra honetan. Hondamendia eta nolabaiteko berpiztea antzematen dira lanean. Bestalde, Jauregik sortze prozesu osoa grabatu du.

Hilabete batzuetako lan honetarako ehun bozeto inguru prestatu zituen eskultoreak. Egitura aldetik nahiko errespetatu du originala. Halere, bere sormeneko elementuak ere gehitu ditu.

Besteak beste, erdian agertzen den zirkuluaren azpiko nolabaiteko almendradun forma: sinbologia kristauan aita sortzailea irudikatzen zuen erromanikoko «mandorla». «Honekin, goian hasiera eta bukaera irudikatzen duen zirkulua eta behean hildakoak errepresentatu ditut», azaldu du Jauregik. Hartutako erreferentzien kasuan, Picassoren koadrokoak izan dira, baina Picassok berak orduan hartu izandakoak ere bai, Goyaren «Maiatzaren 3ko fusilamenduak», esaterako.

Euskal Herriko elementuen artean,besteak beste, beheko gurdi gurpila dago. Azken hau, Jauregiren arte gaietako bat izanik eta hinduismoko zikloekin lotura edukirik, bere ekarpena da. Haatik, Picassok ere kontuan hartu izandako elementu bat da, Jauregik azaldu duenez: «Durangoko bonbardaketako argazkietan topatu nuen gurpil batean oinarritzen da, baina Picassoren koadro aurreko bozetoetan ere ageri dena. Berak ezagutzen zuen».

Nepalen egindako eskulana

Nepaleko errefuxiatu tibetarrek ekoitziak izaten dira Nomada dendako alfonbrak normalean. Bertako haria, oso kalitate handikoa, erabiliz egiten dituzte. Errefuxiatuek Jauregik egindako bozetoa eskuz erreproduzitu dute hariaren bidez. Hamar hilabeteko lan luzea izan da.

Dendan ikusgai dagoen formatu handikoaz gain, beste bi txikiago ere egin dituzte (388x175 zm). Hazbete koadroko 150 korapilo dute eta hirurak daude salgai. Artista ezberdinek diseinatutako alfonbren salmenten %5 Tibetera zuzentzen du Nomada dendak, Rokpa Euskadi GKEren bidez.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo