GARA > Idatzia > Kultura

ZERUA eta INFERNUA

�Bidaia bat pikutara joan daiteke, konpainia onean ez bazoaz�

049_f02.jpg

Goizalde Landabaso

Kazetaria

Radio Euskadiko esataria da Goizalde Landabaso (Deustu, 1970), baina idazteko sormenik ere baduela frogatu du. Lehenik, 2005ean «Jat» poema bilduma argitaratu zuen. Ondoren, «Korte bat, mesedez» kronika liburua idatzi zuen, eta oraingoan nobelara salto egin eta «Bränskint» atera du.

Ane ARRUTI | BILBO

«Bränskint» Europa iparraldeko alegiazko hiri bat da, Goizalde Landabasoren irudimenean, egindako bidaiei esker, sortua.

Aukera ezazu leku bat oporrak pasatzeko...

Leku asko dira aproposak. Deskonektatzeko balio dizun edozein, eta, bide batez, itsasoa duena. Non dagoen berdin zait, Euskal Herrian edo Euskal Herritik kanpo.

Zehatzagoa izan zaitezke?

Badago Portugal aldean, Lisboa eta Algarve artean, kosta zati bat, Setubal hiriaren inguruan, zoragarria iruditu zitzaidana. Troiako hondartzak, herrixkak, Lisboa bera. Istanbul itzela iruditu zitzaidan, bueltatzeko modukoa, eta Amsterdamez maitemindu nintzen. Baina leku eder asko dago. Amsterdamen hain ondo ez nuen jan, baina garagardo ederrak hartu nituen; eta Istanbul eta Portugalen itzel ondo jan nuen.

Zer eramango zenuke zurekin?

Ibiltzeko zapata egokiak eta tiritak. Bestela, uste dut konpainia ona dela ezinbestekoa. Bidaia bat pikutara joan daiteke konpainia onean ez bazoaz.

Oporretarako irakurgairik?

Normalean urtean zehar irakurri nahi izan baina ezin izan ditudan liburuak eramaten ditut, normalean paperekoak. Aurten asko ditut,: «Bienvenidos a tiempos interesantes» (Slavoj Zizek); «Venecia es un pez» (Tiziano Scarpa); «Tal vez sea suficiente» (Alejandro Fernandez Aldasoro)... Ebook bat oparitu zidaten, baina ez dut asko erabiltzen.

Oporretan idaztea gustatzen zaizu edo nahiago duzu deskonektatu?

Idazten dut bidaietan, baina gutxi. Idazten dut irakurtzen ari naizen liburuetan normalean. Apunte eta zirriborroak izaten dira.

Zein leku ez zenuke inola ere gomendatuko?

Ufa! Bidaiatzea oso gauza subjektiboa iruditzen zait, eta norberarentzat txarra izaten dena albokoentzat, sarri, ona da. Nik esperientzia txar-txarrak bidaietan gutxi izan ditut. Une gogorrak bai, baina denborarekin barre egiteko balio izan didatenak. Bidaia perfekturik ez dago, baina bidaietako jazoerak balantzan jarrita beti esperientzia positiboek irabazi dute.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo