GARA > Idatzia > Euskal Herria

Garoñan Europako segurtasun azterketarik ez dela egin salatu dute

GARA | GASTEIZ

Eguzki taldeak joan den asteazkenean salatu zuenez, SNK Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak ez du Garoñako zentral nuklearra aztertzerik nahi izan, Europako ikuskatzaileek instalazio nuklearrak bisitatzeko eta estres probak eginez segurtasun azterketak egiteko osatzen duten ibilbidetik at utzita.

Eguzkik adierazi duenez, Europar Batasunak Estatu espainoleko zentral nuklearretan estres probak egiteko behin betiko txostena balioztatu zuen. Hartara, aditu talde batek estatuko zentral nuklearrak ikuskatu behar zituen, baina SNK-k azterketa hori Almarazeko zentral nuklearrean (Caceres) baino ez zien utzi egiten, Trilloko (Guadalajara) eta Garoñako zentral nuklearrak saihestuz.

Eguzki taldeko kideek jakinarazi dute, gainera, SNK-k egindako behin betiko txostena Europako beste erakunde arautzaileetako aditu batzuek ikusi eta kexa formal bat aurkeztu dutela Trillo zein Garoñako zentral nuklearretan ere segurtasun azterketak egin daitezela eskatuz.

Horiek horrela, segurtasun nuklearra neurtzeko ezinbestekoak diren azterketa horien aurrean SNK-k izan duen jarrerak erakusten duen «itxurakeria eta iruzurra» salatu ditu Eguzkik, batez ere Garoñako zentralari dagokionez, legez araututako azterketak eta bereziki, estres probak ez baitituzte egin nahi izan. «Garoñak, derrigorrezko ikuskapena behar du, are eta gehiago zentrala 2019ra arte funtzionatzen egon daitekeela kontuan hartuta», ohartarazi dute.

Gizartea, arriskuan

«Segurtasun nuklearraren azterketa falta horrek eta SNK-k hartutako jarrerak gizartea arrisku nuklearrean jartzen du», adierazi du Eguzkik. Gaineratu duenez, Garoñako zentralaren egoeraren eta horrek sor dezakeen istripu arriskuaren erantzuleak Rajoyren gobernua eta honen laguntzaile diren Javier De Andres eta Javier Maroto dira; eta horiekin batera, SNK-ko kideak ere bai, «energia nuklearraren justifikazioarekin, negozioa baitute helburu».

Azkenik, segurtasun azterketa nagusia eta gizarteak behar duena Garoñako zentralaren berehalako itxiera dela berretsi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo