GARA > Idatzia > Kultura

Plentziko Madalen jaietako osagai nagusiak koktelak izango dira beste urte batez

Gaur ospatzen den Madalen egunak berezitasunak izaten ditu herriz herri. Plentzian, koktelak osatzea eta dastatzea tradizio bihurtu da, fanfarreetako musikarekin giroturik.

p062_f02.jpg

Mikel PASTOR | PLENTZIA

Urtero bezala, arrautzez, banilla izozkiz eta alkoholez osatutako koktel goxoak Plentziko Madalen eguneko izarrak bilakatuko dira gaur, kostaldeko herrian urteko egun garrantzitsuenetakotzat duten honetan.

Jaia gaur ospatuko da, eguerdiko ordu bietatik aurrera, Plentziko tabernetan zehar. Bezperako egunari, halere, zuku ederra atera zioten umeek, goizetik jolas eta puzgarriak izan zituzten-eta. Arratsaldean, Urtza taldearekin diskofestaz gozatzeko aukera izan zuten.

Nagusientzat, eztarriak berotzen hasteko eguna izan zen atzo. Gainera, ekimen berria jarri dute martxan: Kantagune. Aintzane Berreteagak, Jai zinegotziak, GARAri azaldu dion bezala, «San Antolin jaietan martxan jarritako ekimena izan zen, eta erantzun bikaina izan zuenez, Madalena egunean errepikatzea erabaki dugu Jai Batzordean».

Ekimen xume bezain ederra da, «Herriko kuadrillak tabernaz taberna batzea eta euskal abesti herrikoiak denon artean abestea», azaldu zuen Berreteagak, «ehun bat pertsona batu ginen azkeneko aldian abesten, baina beste askok taldearekin bat egin zuten, nahiz eta ez abestu, eta batzuek dantzatzen bukatu zuten», azaldu du zinegotziak.

Aipatu bezala, koktel guztiak oinarri bera daukate, arrautzez eta banilla izozkiz osatua, «eta taberna bakoitzak nahi duen likoreekin nahasten ditu. Mota askotakoak daude, martini, rona, vodka, eta abar... baina oso goxoak izaten dira». Nahasketa horiek dastatzen hiru edo lau ordu ematen dituzte, koktelak agortu arte, «eta hau bukatzean, kalean sekulako giroa izaten da, jaia aurrera doa», azaldu digu Igorrek, Jai Batzordeko beste kide batek. Badarama zenbait urte koktelak dastatzen, eta berak argi dauka: «Plentziko egun nagusia da, duda barik, eta sortzen den giroa, izugarria da».

Algortako paellekin batera

Aintzane Berreteaga pozik agertu da antolatutako programarekin, baina onartu du «diru falta larria» izan dutela. Halere, herrikoak eta ingurukoak gerturatzea espero du.

Algortako Paellen Egunarekin bat egitea ez da albiste ona «biak Eskuinaldeko jaiak direlako, eta jendea, batera edo bestera, banatu egiten delako».

Paellen Egunak tradizio handia izan arren, baikor agertu da Berreteaga: «Azken urteetan, Plentziko jaietan bisitarien gorakada egon da, eta aurtengo Madalen egunean gorakada hori mantentzea espero dugu. Algorta eta Plentzia betetzeko jende nahikoa badago».

KOKTELAK

Nahasketa guztiek oinarri bera daukate: arrautza eta banilla izozkia. Taberna bakoitzak nahi dituen likore edo alkoholak gehitzen dizkio, nahi duen zapore berezia lortu arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo