GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

B.E.Z.

Aspalditik kontalariok dugun «borroka» da ipuin kontalaritza kulturan dagokion lekua hartzea, alegia, arte eszenikoen alorreko sormen adierazpen gisa kontsideratzea. Agian askorentzat hau Getariko egia da, baina, orokorrean, definizio eza da gailentzen dena. Haurrei zuzendutako jarduna dela izaten da ideiarik zabalduena, eta askotan, haurren kultur aberastasuna handitzeko baino, denbora pasa bezala ikusten da.

Literatura idatziaren adar gisa ikusi ohi da ere, hortaz liburutegia da, nonbait, ipuin kontatuen leku «naturala», honen eraginez arrunt zaila delarik antzokietan eskaintzea ipuin ikuskariak. Hauek ez lirateke arazoak egungo kontalaritzaren izaera ezkutatuko ez balute.

Hamaika kezka gehi dezakegu ipuin kontalaritzaren jarduna oztopatzen dutenak, baina azken egun hauetan beste bat gehitu zaio kontalaritza bera, jardun profesional gisa, kolokan jar dezakeena. Gaur egun zaila bada ipuin saio batengatik orain dela hamabost urteko prezioa kobratzea, zailagoa izango da BEZ igoeraren ondorioz.

Zerga %21era jasotzeak ekarriko du kontratazioak zailtzea eta kontalariak berak bere gain hartzea igoera, lan egin nahi badu behintzat. Krisi garai hauetan kultura isilpeko krisi sakona jasaten ari da, lan postu asko desagertuz eta beste asko kolokan egonez. Ipuinak kontatzea ez da soilik zerbait eder eta aitzinakoa, lanbidea bada ere, eta egungo politika ekonomiko neoliberalak, langile askori erasotzen dion bezala, kontalariak ere zulo beltzera kondenatzen ditu. Kontalarioi zein jendarteari dagokigu kontalaritza eraso ekonomikoetan gal ez dadin. Errege maltzurrak irabaz ez dezan.