harri-jasotzea Marka saiakera
Urdax Magunazelaia behin eta berriz ari da erakusten etorkizun handia duela
J.L.
Urdax Magunazelaiak denak aho zabalik uzten jarraitzen du. Herenegun marka berria egin zuen 185 kiloko harri errektangularrarekin. Bost minutu izan zituen lanerako, eta hiru jasoaldi eman zizkion, eta erabateko erraztasunarekin, gainera.
Zelai gidari zuela, lan bikaina egin zuen. Duen adina kontuan hartuta, sekulako lana egin zuen, oraindik 14 urte besterik ez baititu. Laster 15 urte egingo ditu, eta datorren asterako 190 kilokoa jasotzeko asmoa agertu zuen. Aurretik probatu egin nahi omen dute, baina herenegun lanean ikusi ostean, inor gutxik uste zuen bost kilo gehiago dituen harria jasorik gabe geratuko denik.
Bestalde, Aimar Irigoienek irabazi zuen Laukariz Harria txapelketa. Errezildarrak lan bikainak egiten jarraitzen du, eta lehiaketa hau erabateko nagusitasunarekin irabazteaz gain, marka berri bat ezarri zuen. Orain arteko errekorra 25 jasoalditan zeukan, baina Irigoienek hiru gehiago eman zizkion larunbatean. Bigarren Izeta II.a sailkatu zen, 20 jasoaldirekin.
Hirugarren postua Eizmendirentzat izan zen, 16 aldiz berdindu baitzuen harria. Laugarren Telleria II.a sailkatu zen, 15 jasoaldirekin. Bosgarren, Urpe, 13 jasoaldirekin; seigarren, Ugartemendia, 11rekin; zazpigarren Urrutia, 10ekin; zortzigarren, Izeta IV.a, 9rekin; hamargarren Izeta III.a, 8 jasoaldirekin; eta azkena, berriz, Galarrada sailkatu zen, honek ere harria zortzi aldiz jasotzea lortu zuen arren.