Mikel Aramendi Kazearia
IPCC bat bederen, noizko gurean?
IPCC bezalako erakundetxo bat bederen bagenu, jarraituko ote luke Ares sailburuak horren lotsagabeki esaten Iñigo Cabacas erail zuen jaurtigaia nork eta nondik bota zuen ere ezin dela esan?Hamar urte daramatza jardunean Ingalaterra eta Galesen IPCC-Independent Police Complaints Commission erakundeak. 2002ko Polizia Eraberritzeko Legeak sorrarazi zuenetik, bere eskumeneko polizia indarren jokabide makurrak salatuz herritarrek aurkeztu dizkioten ehunka kasu aztertu eta erabaki ditu, eta hainbat kasu larritan bere baitako ikerketak ere burutu ditu. Hortarakoxe baita ia epaileek adinako eskumenak dituzten hamabi kideen Batzordea: legea betearazteko daudenek egin ditzaketen lege urraketak eta gehiegikeriak ekiditea.
Ezin esango da, ordea, hamar urte hauetako emaitzak miresgarriak izan direnik. Batzuen iritzian, onargarriak ere ez dira, eta erakundearen desagerpena eskatu dute hainbatek. 2008an haren aholkulari izateari utzi egin zioten ehun eta piko legelarik, erakundeak sistematikoki salatuen (polizien) alde egiten zuela argudiatuz, funtsean. Aurkeztu zaizkion kexuen laurdena ere ez du aintzakotzat hartu, esate baterako. Arazoaren giltza, noski, bere izenaren eta izanaren lehen osagaia den «I» horretan legoke: batzordekide guztiak teorian erabat «independenteak» badira ere, praktikan gehienak polizia indarretan goi arduradunak izandakoak dira... hortik erator daitekeen guztiarekin.
Bere esku-hartzerik sonatuenetakoa izan den «Tomlinson kasuak» nabarmendu ditu gardenki IPCCren mugapen horiek. 2009ko apirilaren 1ean, G-20koen bileraren aurkako protesten ingurumenean, Ian Tomlinson prentsa saltzailea Londresko Cityan hil zen poliziez inguratuta. Bihotzekoak jota hil zela ebatzi zuen lehen autopsiak eta polizia indarrek, bide batez, guztiz errugabetzat jo zuten beren burua... gertakariaren lekuko izan ziren hainbatek egindako filmazioak prentsara heldu ziren arte. Bideoetan garbi ikusten zen nola erdi-mozorroturiko polizia batek, inolako motiborik gabe, Tomlinson zangotrabatu eta lurrera botatzen zuen, hari bihotzekoak eman baino segundo batzuk lehenago. Auzibideak hiru urte luze iraun du eta, azkenean, Simon Harwood polizia erasotzailea ez-errudun ebatzi dute epaitegiek... Baina tipo hori bere jardunbide osoan poliziaz mozorrotutako gizatxar bat besterik ez dela izan argi geratu da. Eta IPCCaren lana, benetan, prentsak egin behar izan duela.
Zergatik, orduan, eredu eskas hori ekarri gurera, galde dezake edonork. Ba, egun hemen pairatzen ditugun lotsagarrikerietako batzuk bederen zailduko lituzkeelako. Adibidez: gaur hamabost argitaratu zuen «The Guardian» egunkariak Asturies eta Leon aldeko meatzarien borrokari buruzko bideo bat (http://www.gu-ardian.co.uk/world/video/2012/jul/11/spanish-coal-miners-video) non argiro salatzen den, hitzez eta irudiz, haien kontra diharduten guardia zibilek... golf pilotak botatzen dituztela beren jaurtigailuekin. Horrek duen heriotza arriskuarekin eta barneratzen duen gaiztakeria kriminalarekin.
Eta hurbilagora etorrita: IPCC bezalako erakundetxo bat bederen izango bagenu, jarraituko ote luke Ares sailburuak horren lotsagabeki esaten Iñigo Cabacas erail zuen jaurtigaia nork eta nondik bota zuen ere ezin dela jakin?