Euskal Herriko Kopa
Biarritz eta Aviron izango dira festako protagonistak
Bi talde lapurtarrek bietan onena zein den erakutsi beharko dute Anoetako estadioan, abuztuaren 3an.
Jon LEUNDA
Errugbiaren festa izango da datorren abuztuaren 3an Anoetako estadioan, eta eguneko protagonista nagusiak Biarritz eta Aviron izango dira, bien artean erabaki beharko baitute zein den Euskal Herriko errugbi talderik onena. Neurketa 20.00etan hasiko da, baina festa askoz ere lehenago abiatuko da.
«Hasiera batean, sei talde onenekin jokatu nahi genuen, baina egutegi arazoak medio, ezinezkoa zitzaigun, eta azkenean bi talde indartsuenekin jokatzea erabaki dugu», esan zuen Jon Esturok, Euskal Herria Kirola Elkarteko bozeramaileak.
«Gure asmoa Euskal Herriko ligak eta kopak antolatzea da, eta horretan jarraituko dugu. Errugbia dela Ipar eta Hego Euskal Herria batzeko kirolik aproposenetakoa ere konturatuta gaude, eta hauxe izango da helburu nagusietako bat», erantsi zuen Jon Esturok.
Aurtengo denboraldirako posible izan ez dena, datorren urterako posible egitea ere espero zutela esan zuten antolatzaileek, eta horretan saiatuko direla.
Festa bera, ordea, ez da partidaren garaian hasiko, arratsaldean errugbi festa hau antolatzen lagundu duten talde guztiek txosna bana irekiko dute Anoetako gunean, hura izango baita festa egingo den lekua.
Uztaritze, Bera Bera, Atletico San Sebastian, Hernani, Gernika, Zarautz, Gaztedi eta La Unica dira ekintza honetan parte hartzen duten taldeak, eta eurek izango dituzte txosnak. Tartean, gainera, DJ Bull ere arituko da musika jartzen, eta gauean, partidaren ostean, Danba eta Xutik taldeak arituko dira.
Sarrerak ere jadanik salgai daude, eta erosi nahi dituenak aukera izango du Anoetako seigarren leihatilan erosteko 18.00etatik 20.00etara eta astelehenetik aurrera, berriz, 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.00etara ere. Baita www.ehkirola.org web orrialdean ere salgai daude jadanik, baita beste hainbat tabernatan ere. 10 eurokoa izango da partida ikusteko sarrerarik merkeena, eta 40koa, berriz, garestiena. Tartean 20 eta 30 euroko sarrerak ere izango dira erosi nahi dituzten guztientzat.
Partida hasi aurretik, berriz, zendu berria den Kote Olaizolari omenaldi bero bat eskaini nahi omen diote. Errugbiaren alde hainbat lan egindako gizona da, eta antolatzaileek honelako egun bat baliatu nahi dute gogora ekartzeko. Bestetik, ez da ahaztu behar, Avironi eta Biarritzi hilabete bat baino gutxiago falta zaiela berriro ere Top 14ko Ligari hasiera emateko.