GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Hiriko giltzak festazaleei botata, gaur abiatuko dira Baionako jaiak

A.M. | LEKUA

Dena prest dago gaur gaueko hamarretan Baionako bestei hasiera emateko. Ohi bezala, herriko etxeko balkoitik hiru auzoak sinbolizatuz hiru giltzak bota ostean, Lapurdiko hiriburua herritarren esku geratuko da igande arratsera arte.

Aurten oso ondo gorde da mezua jaurtiko duen pertsonaiaren izena. 80. urteurrenarekin zerikusia izango duela baino ez dute jakinarazi. Besteren artean, bere ondoan izango da Maddi Sarasua, jaien irekiera ofizialeko bertsoa botako duen itsasuarra.

Milaka pertsona bilduko da herriko etxearen aitzinean, baina horren zain geratu gabe, hainbat ekitaldik jaien hasiera iragarriko dute gaur.

Goiztiarrena Biarrizko Euskaldunen Kostatik abiatuko den Bestazaleen lasterketa izango da. Goizeko bederatzietan ehunka korrikalarik egingo dute Baionarainoko bidea. Bestazale txikientzat beste lasterketa bat antolatu da, 09.40ean, Henri Grenet zubian.

Tortilla mundiala

Ordu erditxo bat geroago Azoka Plaza inguruan piper tortillaren mundu txapelketari ekingo diote aurtengoan ere.

La Poudrieren Euskal Borrokaren ikustaldiak eskainiko dituzte 14.30etik goiti, eta garai bertsuan piragua lasterketak eta 17.00etan estropadak izango dira Aviron Bayonnaisek antolaturik.

Urtero bezala Moderne Trinketean Bestetako Masterren pilota txapelketa ospetsua hasiko da 19.30ean, eta irekiera ofizialaren ondotik, Maskleta suzirien ikuskizunak gaueko erromeriei emango die bide.

Lehen bestak ospatu zirela laurogei urte betetzen diren honetan, Paul Bert plazan kontzertu berezia izango da bertako artistekin. Hasieran abesti bat kantatuko dute artista guztiek batera eta gero banakako emanaldiak izango dira.

Besteren artean, Anne Etxegoien, Alma Flamenca, Daviv Cairol (reggae-soul), Nico Wayne Toussaint (blues) eta Old School Funky Family taldeek parte hartuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo