GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

CAFeko lan hitzarmenak bidea erakusten du

Beste lan harreman batzuk posible dira, baita krisi garai hauetan ere, baldin eta aldeen aldetik borondatea baldin badago. Hori erakusten du CAFeko langileek onartu berri duten lan hitzarmenak. Izan ere, ELA eta LABen eskutik lortutako akordioak, bertako langileen babesa lortu duen akordioak, hiru ardatz nagusi ditu: enpleguaren mantentzea, lanaren banaketa eta baita aberastasunaren banaketa ere. Horrexegatik, 35 orduko lanaldia ezartzeaz gain, hitzarmenean aurrera begira lanpostuak mantentzeko bermeak azaltzen dira eta soldatak KPIren gainetik egotea onartzen da. Garaiotan, honelako hitzarmen bat euskal enpresa batean are pozgarriagoa da.

Akordio honen lorpenean ezin dira ahaztu, alde batetik, sindikatuek aurrera eraman duten borroka, eta, beste alde batetik, CAF lortzen ari den emaitza ikusgarriak, batez ere internazionalizazioaren esparruan. Diru erraza bilatu ordez berrikuntzan oinarritutako trenak saltzen dituzten han eta hemen. Eta lan hitzarmenak argi eta garbi erakusten duenez, horretarako giltza langileak beraiek dira. Lan baldintza egokirik gabe ezinezkoa da honelako proiektu enpresarial bat aurrera ateratzea. Eskubideen murrizketan oinarritutako lan erreformez haraindi, badira gauzak beste era batera egiteko aukerak. CAFeko hitzarmena honen guztiaren adibide interesgarria da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo