Josu Uribetxeberria preso politikoaren askatasuna eskatu dute Arrasaten
Josu Uribetxeberria euskal preso politikoaren askatasuna eskatu zuten atzo Arrasaten, bere jaioterrian, egindako manifestaldian, birikietako nodulua duelako, «bere bizitza arriskuan dagoela» argudiatuz.
GARA | ARRASATE
Josu Uribetxeberria Arrasateko preso politikoaren askatasuna eskatu zuen atzo Herrira mugimenduak, haren jaioterrian egindako manifestaldian. Uribetxeberriak nodulua dauka birikietan, eta bere osasun egoerak okerrera egin du azken asteotan. Horren ondorioz, Leongo ospitalera eraman behar izan zuten kartzelako funtzionarioek, han zaintza berezia izateko.
Manifestaldian irakurritako testuan, euskal presoa «Espainiako espetxe politikaren erakusle argia dela» salatu zuen Herrirak, halako gaitz larria duen pertsona bat «espetxean mantentzea inolako gizatasunik ez duen erabakia delako».
Presoen aldeko mugimenduaren aburuz, erabaki hau «giza eskubide guztien aurkakoa da, inolako gizatasunik gabekoa».
Gaixotasun larriak dituzten hamalau preso politikoei buruz ere mintzatu zen Herrirako kidea, hauekin «Espainiako Gobernua bereziki krudela izaten ari dela» azpimarratuz. Bide horretan, Herrirak hamalauak askatzeko egindako ekimenak gogoratu zituen, bereziki, orain dela bi aste Zaballako espetxean egindako Kandelen Gaua.
Josu Uribetxebarriaren kasura bueltatuz, «beldur direla» aitortu zuten Herrira mugimendukoek, «gaixotasun larriak zer nolako ondorioak utziko dizkion ez dakigulako».
Testuaren azkenengo zatian, Herrirak egoera politikoarekin lotu zituen hamalau preso gaixoen kasuak. Mugimenduaren ustez, «gizartearen gehiengo zabal batek ilusioz eta esperantzaz hartu ditu emandako urratsak», ETAren adierazpenari buruz ari dela. Pauso horiekin kontrajarri zituen estatu espainol eta frantsesaren jarrerak, «Nola ulertu hainbeste sufrimendu eta heriotza eragin duen sakabanaketa politika indarrean mantentzea?» galdetuz.
Anuzitak gose greba utzi du
Eduardo Perez de Anuzitak Picassent kartzelako funtzionarioen jipoia jasotzeagatik pasa den astean hasi zuen gose greba larunbatean utzi behar izan zuen, bere gorputzak ura ez zuelako onartzen. Sergio Polok eta Manex Castrok, kartzela bereko preso politikoek, gose greban jarraitzen dute, Perez de Anuzitari elkartasuna adierazteko.
Pasa den asteartean, preso sozial batek Castrori eraso egin zion, argitu gabeko arrazoiren bategatik, eta Polok borroka gelditu zuen, biak bananduz. Horren ondorioz, bi euskal presoak bakartzeko modulura eraman zituzten. Perez de Anuzitak, lagunak eramaten ari zirela ikusita, haiekin eramateko eskatu zien funtzionarioei. Erantzun modura buruan kolpe gogorrak emanez ziegara eraman zuten, eta berari ere bakartze egoera ezarriz. Egoera ikusita, hiru presoek gose greba egitea erabaki zuten. Preso soziala, bestalde, bizitza normala egiten ari da beste modulu batean.
Bestalde, Karrantzako Udalak Perez de Anuzitaren erasoa salatzeko mozioa onartu zuen aho batez, eta Picassent-eko arduradunekin kontaktuan jarriko dira, horrelako erasoak berriro gertatu ez daitezen.
Josu Uribetxeberria preso arrasatearrak nodulua du birikietan, eta azken asteotan bere egoerak txarrera egin du. Horren ondorioz, Leongo ospitalera eraman behar izan dute, zaintza berezia izan dezan.
Perez de Anuzitak jipoia jaso eta gero hasitako gose greba utzi egin behar izan zuen, bere gorputzak ura onartzen ez zuelako. Sergio Polok eta Manex Castrok baraualdian jarraitzen dute, hari elkartasuna adierazteko.