Baionako hirigunean 1.250 doako aparkaleku tarifa arruntera igaroko dira
Baionako erdialdean eta inguruetan apenas geratuko da doako aparkalekurik. Izan ere, Champ de Foire eta Glainekoak ordaindu egin beharko dira. Boufflers etorbidekoa ere orduko tarifa arruntera igaroko da.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Ez, ez da Baionako jaiak iristean urtero egin ohi den tarifa aldaketa. Oraingoa iraunkorra izango da. Aurrerantzean erdialdeko 1.250 aparkaleku gehiago tarifa normalean ordainaraziko ditu Herriko Etxeak.
Hala erabaki zuen astelehenean Lapurdiko hiriburuko udalbatzak. Horrenbestez, doakoak diren Champ de Foire eta Glaineko aparkalekuak laster tarifa arruntera igaroko dira. Are, Glainekoa gauez ere ordaindu egin beharko da (orduko euro bat). Horrez gain, orain arte eguneko euro bateko kostua zuten Boufflers etorbideko beste 300 aparkalekuak ere orduko tarifara igaroko dira.
Gai honek polemika bizia sortu zuen udalbatzan. Bayonne Ensemble talde sozialistako zinegotziek herritarren bizimoduan eragingo duen neurria «ia ezkutuan eta uda bete-betean» hartu izana salatu zuten, erabakia hartu aurretik Jean Grenet auzapezari gaia berraztertzeko eskatuta. Hain zuzen, aldaketa horien arrazoia «jendearen portaerak aldaraztea eta garraio publikoaren erabilera autoarena baino errazago egitea» dela adierazi du alkateak.
Argudio bidegabea
Sozialistentzat argudio hori ez da bidezkoa, neurria hartu aitzin «biztanleei gutxienez alternatibak eskaini» behar zaizkielako. «Zein garraio publiko izango dute gauean Glaineko aparkalekutik?», galdetu zioten alkateari, batez ere Baiona Txikiko 6.000 biztanleak gogoan hartuta.
Horiek izango omen dira kaltetuenak, «egunerokotasunean sekulako zailtasunak izaten dituztelako ibilgailuak aparkatzeko». Gainera, halako neurriak jendea Baionara bizitzera erakartzeko kontrakoak direla irizten dio Baiona Ensemblek.
Bestalde, jaietarako Alain Afflelou enpresariak eman behar zuen diru laguntza erretiratu izanaren harira ere izan zen iskanbila. Eztabaida beroa izan zen Grenet eta oposizioko zinegotzien artean. Auzapezak normaltzat jo zuen Afflelou beldurtu izana, «eragin handia duten zezenketen kontrakoek Frantzian eta Belgikan dituen dendak mehatxatu» ostean.
CRAC zezenketen kontrako taldeko kideak presente ziren udalbatzan. Afflelouk 500.000 euroko diru laguntza beste ekimenetarako emango dituela agindu zuen, eta egiaz zertara bideratuko diren behatzeko joango dira udalaren osoko bilkuretara.