Udate
Kale antzerkiak Arriaga plaza eta Gas plaza koloreztatuko ditu Bilboko Aste Nagusian
Bilboko Udalak nazioarteko kale antzerkiaren 23 antzezlan eskainiko ditu Aste Nagusian, abuztuaren 19tik 26ra. Egunean emanaldi bi egongo dira 13.30ean eta 21.15ean; haurrentzako saioa 19.30ean izango da.
Jonebati ZABALA | BILBO
Hamabost antzerki konpainiak 23 emanaldi eskainiko dituzte Bilboko Arriaga plazan eta Gas plazan aurtengo Aste Nagusian, abuztuaren 19tik 26ra.
Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietako Saileko zinegotziak 2012ko Aste Nagusiko antzerki emanaldien berri eman zuen atzo Arriaga plazan, Deabru Beltzak kale antzerki taldeak lagunduta. Deabru Beltzak konpainia bilbotarrak ikuskizun beraren 500. emanaldia ospatuko du euren jaioterriko jaietan, taldeko bozeramailearen esanetan, «egia bihurtutako ametsa». Munduan zehar hamar konpainiak baino ez dute lortu ikuskizun berberarekin horrenbeste saio egitea, eta «pozarren» daude «marka historiko» hori Bilbon beteko dutela-eta.
Hitzordua abuztuaren 21ean izango da, 22.15ean, eta Guggenheim museo inguruan arituko dira zuzeneko musika, piroteknia eta efektu bereziekin. Emanaldiaren amaierak jaietako su artifizialekin bat egingo du.
Arriaga plaza eta Gas plaza agertoki erraldoi bilakatuko dira, Bilboko Udalaren Jaietako Sailak programatu dituen 23 antzezlanen karietara; nazioarteko goi mailako hamabost antzerki talde bertaratuko dira. Arriaga plazako emanaldiak adineko ikusleei zuzenduta egongo dira, Gas plazakoak, ordea, haurrentzat izango dira.
Helduentzako ikuskizunek egunean emanaldi bi izango dituzte, 13.30ean eta 21.15ean, Arriaga plazako anfiteatroan. Umeentzako emanaldiak 19.30ean hasiko dira egunero, igandean (abuztuaren 19an) izan ezik, egun horretan ordu erdi geroago hasiko da antzezlana, Balearen desfilea dela-eta. Aurten Casilda parkean egongo den Txikiguneko ekintzetan parte hartzen ari diren umeek txu-txu trena hartu ahal izango dute, «antzerkiak ikustera garaiz hel daitezen», Urtasunek adierazi zuenez.
Gustu zein adin ezberdinei zuzenduak egongo dira antzezlanak, eta haurrentzako eta helduentzako emanaldi kopuru berbera egongo da, bertaratu nahi dutenek horiekin goza dezaten. Antzezlan gehienek musika, akrobazia eta keinuak izango dituzte oinarri, elkarrizketa baino. Azken horietan, gor-mutuen hizkuntzako interprete bat egongo da.
Hamabost talde
Hainbat antzerki konpainia hurreratuko dira Bilbora Aste Nagusian; Teatro Salitre, Marcel Gros, Les Krilati, Cie.Xtreme, Cirque Inextremiste, Circo Claxon, Cabaret Elegance, Always Drinking Productions & Gullem Albá, Trapu Zaharra, Alabazan, Zirika Zirkus, Gari, Montxo eta Joselontxo, Joxe Mendizabal, Asier Kidam eta Alaiki Zerbitzu Giza Kulturalak izango dira jendea aldarte onean jartzen.
Euskal Herritik, Frantziatik, Argentinatik, Kataluniatik zein Brasildik etorriko dira kale antzerkiko hamabost konpainiak.
Lehenengo aldiz ikusteko aukera egongo da, esaterako, Cirque Inextremiste talde frantziarraren «Extremités» obra. Metro biko altueran, artista frantsesek giza oreka sortuko omen dute, grabitatearen aurka joanez.
Sei musikarik eta pailazo batek osatzen duten Always Drinking Productions & Gullem Albá konpainia kataluniarrak ikusleak barrezka jarriko ditu «Bullangas» ikuskizunarekin. J. Z.