GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Ekonomia apikatua

Banku pribatuei interesak ordaintzea gasturik handiena da Estatuan momentu honetan, beste gastu guztien gainetik. Eta, bestelako gastu batzuk ez bezala, bankuei ordaintzea derrigorra da

Merkatuak «lasaitu» behar direlako leloa aspalditik dabiltza errepikatzen eta aspalditik gabiltza entzuten horrek gaitz guztiak konponduko dituela. Baina zergatik ez dira lasaitzen? Ezer baino lehenago esan behar da «merkatuak» multinazional handiak eta banku handiak direla. Beraz, galdera aproposa da ea zergatik lasaituko ote diren, sekulako negozioa egiten badabiltza? Ekonomiaz ezer ez dakidanez, kontu batzuk azaltzen ahalegin- duko naiz.

Europako Banku Zentralak (EBZ) berez galarazita dauka estatuei dirua uztea. Beraz, estatuek banku handi pribatuei eskatu behar diete. Banku pribatu hauek ez dute euren dirua uzten. Aitzitik, Banku Zentralari eskatzen diote. Banku Zentralak %1ean uzten die banku pribatuei eta hauek nahi duten interesean uzten diete estatuei (%6an, %7an), tarte horretako puntu guztiak bankuarentzako irabaziak dira. Interes tasa «deskonfiantzaren» arabera joaten da igotzen, deskonfiantzan eta arrisku sarian. Azken hau zenbat eta altuago, orduan eta interes handiagoak ordaindu behar ditu estatuak.

Honela, espainiar Estatuak datorren urterako 39.000 milioi euro dauzka zorretan, baina ez diru zorretan, baizik eta interes zorretan. Banku pribatuei interesak ordaintzea gasturik handiena da Estatuan momentu honetan, beste gastu guztien gainetik. Eta, bestelako gastu batzuk ez bezala, bankuei ordaintzea derrigorra da; horrelaxe finkatu baitzuten duela urtebete egindako Konstituzioaren aldaketan.

Almuniak esan berri du estatuek EBZri horrela jokatzeko «independentzia» eman ziotela eta orain ezin dutela kontrakorik eskatu. Arrazoia dauka, baina irakurketa beste ikuspegi batetik eginda. Zergatik eman zioten «independentzia» hori? Eta, are gehiago, hori momentuko erabaki politikoa izan bazen, zergatik ez dute erabaki politiko hori aldatzen?

Arrazoi nagusi bi daude. Alde batetik, zorraren zirkuluak ondo funtzionatzen du bere horretan. Krisialdia hasi zenetik konpontzeko ahaleginetan dabiltza, baina ez guk pairatzen ditugun ondorioak: bankaren krisia zen konpondu beharrekoa eta bankaren krisia konpontzen ari dira, gure kontura, jakina.

Bestetik, eta bide batez, egoera hau ezin hobea da bestelako neurri batzuk aplikatzeko aprobetxatzeko. Kapital metaketaren krisi orokorra ere konpondu behar zen eta hori lortzeko eredu ekonomiko eta sozial osoa aldatzen dabiltza. Hitz bitan, bankaren krisia zena zorraren krisi bihurtu dute, herritarrok gure eskubide laboral eta sozialak galdurik konpondu behar omen dugun krisia, alegia.

Diru publikoa arlo pribatura desbideratzeko modu bakarra dago: esklabotza laborala, prekarietate soziala eta babes gabezia. Horretara datoz Madrilen hartu eta inposatu nahi dizkiguten azken neurri basatiak. «Zorrarekin ezin duzuela? Diru apur bat merkeagoa nahi duzuela? Sinatu hau guztia». Eta, jakina, Estatu espainolak lasai asko sinatu du.

Ez dira biktimak, horrela agertu nahi badute ere, interes berberak zaintzen dituzten borreroak baizik. Ez da ekonomia aplikatua, politika da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo