GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mireia Arginzoniz Euskal Herria Bildu-ko kidea

Guztiona eta guztiontzat

Euskararen normalizazioa galtze joeraren abiapuntu batean dago, eta ez badugu ezer egiten galdu egingo dugu. Aurrera ez egitea atzera egitea da

Diskurtso ofizialak eraginda gizarteak ez du sinesten euskara desagertzeko arriskuan dagoenik. Gauza asko egin dugu denon artean eta hil-kanpaiak ez ditugu joko, baina errealitatea egoskorra da.

Behatokiaren urtez urteko txostenek erakusten dute euskaldunen hizkuntz eskubideek urratuta jarraitzen dutela Euskal Herri osoan, eta administrazio guztiek egunero urratzen dituztela. Kale erabileraren neurketak eta inkesta soziolinguistikoak argi gorriak piztu dituzte. Datuek diote euskararen kale erabilera ez dela hazi azken 15 urtean eta %13 eta %14 artean goia jo du. Hein horretan trabatuta dago eta planto egin du. Soziolinguistikaren Klusterrak iradoki du, baldintzak aldatzen ez badira erabilerak ez duela gora egingo, ez eta ez bada hiztun kopurua handitzen eta hiztunei euskara erabiltzeko aukera gehiago ez bazaie ematen.

Bestetik, euskaldunen kopuruak bost puntu egin duela gora azken bi hamarkadatan Euskal Herrian eta azken urteetan hazkunde hori apaldu egin da. Igoera hori batez ere gazteen artean gertatu da. Baina joera hori ez da islatu erabileran. Gazte elebidun gehiago egon arren, euskara gutxiago erabiltzen dute gaurko gazteek duela hogei urteko gazteek baino. Ez baitira euskaldun osoak; hobeto moldatzen dira erdaraz eta euskaraz jarduteko zailtasunak dituzte; gune erdaldunetan bizi dira; euskararenganako atxikimendu apalagoa dute; eta pisu demografikoa txikia dute, jaiotze tasak behera egin duenez.

Geldotze eta moteltze zantzuak sumatzen dira, beraz, euskararen normalizazioa galtze joeraren abiapuntu batean dago, eta ez badugu ezer egiten galdu egingo dugu. Aurrera ez egitea atzera egitea da.

Bi estatu handien mehatxupean, euskarak mendeko estatus juridikoa du. Espainiako eta Frantziako konstituzioek espainierari eta frantsesari balio hierarkizagarria ematen diete, estatuen baitan dauden gainerako hizkuntz komunitateak menderatu eta hizkuntz horietako herritarrak bigarren mailako bihurtzen dituzte. Asimetriak eta kanpo mugak nabarmenak dira: denok behartuta gaude erdara jakitera, baina ezin dugu inor behartu euskara jakitera. EAEren Estatutuak eta Nafarroako Foru Hobekuntzak Espainiako Konstituzioak ezarritako erdaldunen elebakartasuna toleratzen dute eta euskaldunena eragozten.

Euskara ez da ofiziala Euskal Herriko lurralde osoan. Eta euskararen estatusa, bi estatuetan zatitua, bost eraentza juridiko desberdinek arautzen dute. Ondorioz euskal hiztunak eskubide desberdinak ditu bizi den edo dagoen tokiaren arabera; eta ofiziala ez den eremuetan euskaldunak ez du hizkuntz eskubiderik.

Bidegurutzean gaude: euskararen egungo politika eta egitura juridiko hauskorrean jarraitzea ala euskararen politika aldatzea eta marko normalizagarri berria eraikitzea. EH Bilduk euskararen politika zaurgarri honetatik ahal den azkarren irtetea eta euskararen marko normalizagarri berria eraiki nahi du.

Orain arteko hizkuntza politikek ez dute balio izan euskaldun eleaniztunez osatutako Euskal Herri euskalduna berreskuratu eta berrezartzeko. Kasurik onenean ere intentsitate gutxiko politikak izan dira. Euskararen garapenak behar dituen minimoen azpitik. Eta, oro har, euskararen egoera minorizatuak ito egiten ditu ahalegin normalizagarri horiek, oztopoak bultzadak baino handiagoak direlako.

Horrenbestez, EH Bilduren ustez, 30 urteko mendeko politika partzialaren ondoren, euskararen garapen osoa azkartu eta lortzeko hizkuntz politika berria, lehentasunezkoa eta burujabea garatu eta gauzatu behar dugu. Euskarari estatus egokia ematea ezinbestekoa da, berezkoa, normalizatu beharrekoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izan dadin. Hizkuntza politika berriaren oinarriak honakoak izan behar dute:

1.- Burujabea, kanpo esku-hartzerik gabekoa. Gaur egun dauden oztopoak eta debekuak gainditzeko eta politika eragingarria abian jartzeko.

2.- Estatus juridiko egokia duena. Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza eta normalizatu beharrekoa, hizkuntza ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa.

3.- Euskara erdigunean jarri eta baliabide nahikoak dituena: Euskararen normalizazioaren zentralitatea aldarrikatu eta praktikara eraman behar dugu. Eus- kara ardatz bai diskurtso eta praxi politikoan, eta baita administrazio publikoaren egituretan ere. Era berean, zentralitateak esan nahi du baliabide pertsonalak eta baliabide ekonomiko nahikoak bideratu behar direla euskararen normalizaziorako urrats kuantitatibo eta kualitatibo nabarmena emanez.

4.- Zeharkakoa egin. Euskararen normalizazioa norbanako eta eragile guztien bultzadatik eta auzolanaren eskutik etorriko da. Eragile guztien erantzukizun aktiborik ez bada, ez da normalizaziorik lortuko. Era berean, hizkuntza politika bateratua buru- tzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta Nafarroa Garaiarekin eta Iparraldearekin koordinatzeko; tokian tokiko errealitate bakoitzaren abiaburua, baldintzak eta erritmo ezberdinak kontuan hartu behar dira.

Euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten baldintza politikoak, juridikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak lortu behar ditugu. Euskararen erabilera irabazpidean jartzeko, hizkuntza politika berria egiteko, euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa emateko, euskara unibertsalizatzeko. Euskara denona eta denontzat izateko.

(*) Honakoek sinatu dute artikulua: Mireia Arginzoniz, Josu Aztiria, Karmele Aierbe eta Jokin Melida, EH Bilduko kideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo