Udate
Luisitoren eta beroaren eskutik heldu ziren jaiak Olaztira
Sakana eta Euskal Herri osoa astintzen zuen beroari aurre eginez, Olaztiko bizilagunak kultur etxera inguratu ziren Santa Ana jaiei hasiera eman zien txupinazoa bizitzeko. Gau eta egun bost egunez jaiaz gozatzeko parada izango du bertara hurbiltzen den jende orok.
Aitor AGIRREZABAL | OLATZAGUTIA
«Ohitura den moduan, Olaztin ez du suziria sekula politikari batek pizten; herrian lanean aritzen diren kolektiboetako batek egiten du urte bakoitzean», azaldu zuen Gurutze Rodriguez alkateak. Aurten «Denok Luisitorekin»-en eskutik eman zaie hasiera festei. Luisito istripu baten ondorioz gurpildun aulkian geratutako herriko gazte bat da, eta hari laguntzeko plataforma dugu hau. Luisitok berak piztu zituen jaiak.
Berarekin batera, kultur etxeko balkoian, Salma Larabas hamaika urteko gazte sahararrak, urduritasuna gaindituz, jai zoriontsuak opa zizkien herrikideei, «Gora Olaztiko jaiak!» oihukatzen zuen momentu berean.
Behin jaiak martxan zirela, eta 500 urte eta gero Nafarroa bizirik dela ospatzeko prestatutako bazkarira joan aurretik, Herrira mugimenduak presoen aldeko brindisa egin zuen, jaietan izaterik ez dutenek beren unetxoa izan dezaten. Hala ere, euskal preso politikoen aldeko ekimenak ez ziren atzo amaitu, eta bihar arratsaldeko zortzietan manifestazioa abiatuko da Olaztiko Intsumisio plazatik. Horren ondoren, preso eta errefuxiatuen omenezko afariak emanen dio hasiera gau luzeari. Maisuenea gaztetxean Kaxkalo eta Manolo Cabezabolo y Los Que No Dan Pie Con Bolo-ren kontzertuekin parranda giroa ziurtaturik dute olatzagutiarrek.
Kirola ere bai
Kirolak presentzia nabaria izanen du hainbat egunetan. Gaur arratsaldez herri kirol jaialdia ospatuko dute Erburu kiroldegian eta afizionatuen mailako pilota partidak larunbatean. Igande goizean, aldiz, txirrindularitza eskolek antolatutako proba bailaran dagoen txirrindularitza zaletasunaren froga ere bada.
Sakanan, txirrindularitza zaleak ez ezik, motor zale ugari ere badela ez da inongo berria, eta haiek ere gozatzeko parada ezin hobea izango dute larunbat arratsaldean. Erburu kiroldegiaren inguruko ingurabide-errepidean free-style motorren erakustaldia burutuko da Narcis Serra kataluniarraren eskutik.
Santa Ana jaiek, krisiari hortzak erakutsi, eta iazko aurrekontu berberarekin jai egun bat gehiago eskaini diete herritarrei. Egitarau aberatsak bost eguneko jai giroa ziurtatzen du. Antzerki emanaldiak eta musika gau eta egun izanen dute, adin guztietako biztanleek aspertzeko betarik izan ez dezaten. Gaur egun hau lortzea ez da gutxi.
Urteroko Nazioarteko Dantza Jaialdia ez du kale egingo. Aurten Kurdistan eta Argentinatik etorritako taldeen eskutik ikuskizuna egonen da larunbat arratsaldean udal pilotalekuan.
Igandean, jaiak eta indarrak amaitzear daudenek, mozorrotu, eta «Denok Luisitorekin» bazkari herrikoia ospatuko dute azken orduei behar den moduan aurre egin ahal izateko.
Krisi garaian hainbat ekitaldi prestatzea zailagoa izaten denez, harro agertu da alkatea: «Iazko aurrekontu berarekin, jai egun bat gehiago prestatu dugu, eta ez da inongo ekintzarik faltako». Hau azaldu bezain laster argitu zuen aldaketa txiki bat izan dela eta aurten arte pilota profesional jaialdiak zirenak, orain afizionatu mailakoak direla. Honen arrazoia, noski, hoberenak ekartzeak dakarren gastua da. Hala eta guztiz ere, ezin ukatuko zaie egindako ahalegina: «Benetan pozik nago, baina hau herritarren lorpena da. Horrelako egitaraua guztion parte hartzerik gabe ezin bailiteke aurrera atera», eskertu zuen.
Kamisetek kolore berezia eman zioten atzoko egunari. Elastikoak salgai izanen dira egun hauetan.