Herrirak presioa areagotuko du euskal presoen eskubideen alde
Hurrengo asteetan, Herrirak presioa eta mobilizazioak areagotuko ditu preso politikoen eskubideak defendatzeko. Esaterako, datorren ostiralean herri mugimenduak 70 aulki huts ipiniko ditu Donostiako epaitegi aurrean bizi osorako zigorra ezarri dieten 70 presoen askatasuna aldarrikatzeko, eta Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina desagertu dadila eskatzeko.
Ion SALGADO | GASTEIZ
Datozen egunetan Herrirak presioa eta mobilizazioak areagotuko ditu euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko, batez ere, Espainiako Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina jasaten duten 70 presoen esku- bideak defendatzeko.
Horretarako, aipatutako mugimenduak datorren ostiralean, goizeko hamaiketan, bilkura solidarioa egingo du Donostiako epaitegi aurrean. Bertan, Herrirak 70 aulki huts erabiliko ditu, bizi osorako zigorra ezarri dieten 70 preso politikoen askatasuna aldarrikatzeko.
Era berean, pasa den astelehenean Altsasun egindako bilera batean, mugimendu solidarioan parte hartzen duten kideek erabaki zuten datozen asteetan 197/2006 doktrinaren aurkako ekimen eta iniziatiba gehiago martxan jartzea. Azken batean, prentsa ohar batean gogoratu dutenez, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Ines del Rioren epaian azaldu zuen bezala, aipatutako doktrinak euskal preso politikoen eskubideak urratzen ditu. Halaber, Auzitegi Gorenaren doktrinaren jazarpena salatzeko Euskal Herriko hainbat hiritan izango diren manifestaldietan parte hartzeko deia egin du Herrirak.
Elkartasuna Arrasaten
Beste alde batetik, atzo Arrasateko Udal Gobernuak bere elkartasuna adierazi zion Josu Uribetxeberriari. Nahiz eta bi nodulu eduki -bat birikietan eta bestea buruan-, euskal presoak espetxeratuta jarraitzen du Mansillako kartzelan (Leon). «Udal honek, maiatzaren 2ko plenoan, bere askatasuna eskatzeko konpromisoa hartu zuenean, larri zegoen osasunez. Orain Josuren egoera muturrekoa da eta ezinbestekotzat jotzen dugu arrasatear hau berehala, bere eskubide guztien jabe, aske uztea», azpimarratu zuen.
«Egoera hau, ikuspegi humanitariotik, onartezina da eta berehala konpondu beharrekoa dela berresten dugu. Arrasatear baten bizitza jokoan dago eta, Josuren herriko instituzioaren ordezkari garen aldetik, erantzun bat ematea dagokigu», azaldu zuen Udal Gobernuak.
Josu Uribetxeberriaren askatasuna eskatzeko, Espainiako kartzeletan espetxeratuak jarraitzen duten hamalau preso gaixoak ahaztu gabe, Herrira mugimenduak datorren ostiralean manifestazioa egingo du Arrasateko kaleetan. Iragarri dutenaren arabera, martxa solidarioa 19.30ean aterako da herriko plazatik.
Atzo bi elkarretaratze izan ziren euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko. Atarrabian 32 lagun bildu ziren, eta Arrotxapean 29.