GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA | IKERKA

Material gogorrak eta malguak helburu

Kimikan aditua, Stuttgart-eko (Alemania) Max Planck Institute of Solid State Research-ean doktoretza burutu zuen 2003an Kroaziako ikerlariak. Hamar urtetik gorako esperientzia du Italiako, Alemaniako, Koreako eta AEBetako egoitzetan, eta aurten, Gaede Prize sari esanguratsua lortu du ALD teknikari dagokionez egindako lanagatik.

p016_f02.jpg

Mato KNEZ Geruza Atomikoen Estalketaren Teknikan (ALD) nazioarteko aditua

GARA

CIC nanoGUNEren eskutik heldu berria da Mato Knez Gipuzkoako hiriburura. Izan ere, ikerketa zentro honek bere lan ildoak zabaldu berri ditu nanomaterialeen arloko talde berria martxan jarrita. Talde berria nanozientzien eta nanoteknologien inguruan dagoeneko lanean diharduten gainerako sei taldeen osagarria izango da. Hain zuzen, Knez lantalde berria zuzentzeaz arduratuko da aurrerantzean.

Nazioarte mailan Geruza Atomikoen Estalketaren Teknikan (ALD) aditua da eta horri esker, berak hizkera arruntean azaltzen duenez, material ezberdinak eraldatzea lortzen dute -adibidez metalak, zeramikak, polimeroak, material biologikoak-. Teknika honekin lortzen dena, hain zuzen, materialaren propietateak aldatzea da, bere ezaugarriak nabarmentzeko eta funtzionalitate berriak gehitzeko.

Donostiako nanomaterialeen taldeak material hibridoak lortzeko lan egingo du: organikoak-ezorganikoak, ehungintza, automozioa, mikroelektronika, aeronautika... industrietarako edo nanomedikuntzan material bio-organikoak lortzeko.

«Sciencie» aldizkari garrantzitsuak ALD teknika erabiliz armiarma sare baten ezaugarriak moldatzen zituen Knezen lana argitaratu zuen. Material berriak txertatuz armiarma sarearen tentsio eta tenkatze ahalmena handitzea lortu zuen eta energia eusteko ahalmena hamar aldiz biderkatzea ere lortu zuen. Helburua teknika hauek beste biomaterial batzuetan aplikatzea da, hauek hausturen aurrean gogorragoak izan daitezen eta aldi berean malguagoak izan daitezen.

Ikerlari berriak zuzentzen duen taldea orotara zortzi lagunek osatzen dute, eta CIC nanoGUNEn bertan ALDko ekipamenduez horniturik dagoen laborategi berrian garatzen dituzte beraien ikerketak -ekipamendu batzuk Knezek berak Alemaniatik ekarri ditu-.

Kroaziarrak baieztatu du aldez aurretik euskal ikerketa zentroaren berri bazuela eta bertako lan ildoak ezagutzen zituela: «Jakin badakit baldintza ezin hobeak ditugula lanerako. Guk ditugun azpiegiturak, ekipamenduak eta lantaldea gutxi batzuek bakarrik dituzte. Honi esker, ikerketa diziplina anitzeko ikuspuntutik egin daiteke». Hain zuzen, hau guztia izan da, Knezen hitzetan, Euskal Herrira etortzeko arrazoietako bat. Ikerketen emaitzak euskal enpresetan aplikatzeko aukerak ere erakarri du ikertzailea.

CIC nanoGUNEko zuzendari Jose Maria Pitarkek azpimarratu duenez, nanomaterialen talde berriak «ezagutza euskal sare produktibora transferitzeko dugun konpromisoa sakontzeko eta jorratzeko aukera ematen digu». Konpromiso hori osatzeko nanoGUNEk Teknologia Transferentzia Saila du, nanoBasque Agentziarekin batera, sektore desberdinetako enpresekin elkarkidetza itunak dituena.

Gaur egun, 76 ikertzaile daude lanean Donostiako zentroan, sei lantaldetan banatuta. Fisikariak, kimikariak, ingeniariak eta biologoak dira gehienak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo