Artekalea, artea eta kalea baino gehiago da
Herri ekimen aski interesgarria martxan da Bergarako herrian. Krisiaren sasoi ilunotan, herriguneko komertzio txiki eta familiarretan jasan den beherakadaren aurrean, eta horrek kale giro eta bizitzan duen eragin degradantea kontuan harturik, bertako artistek auzolanean arituz kaleak okupatu dituzte. Pintura estilo eta proposamen ezberdinak, zeramika eta tailu figurak, itxita edo alokagai zeuden denden eta tabernen erakusleihoak hartu baitituzte. Eta hala, artisten ahalmenaren balioa nabarmentzeaz gain, kalea piztu eta bizkortzearekin batera, turismoa indartu eta, lokalak itxuraldatuta, hauek erosi ala alokatu ahal izateko ezaugarri askoz hobeak dituzte. Hitz batean, artistak, dendariak eta oro har herriak, den-denak irabazle egiten dituen egitasmoa osatuz. Herrigunea museo herritar bizi bilakatuta, koloreen emozioak, formen zirrarak, sentimenduen pizgarri eta harridurarako txinpart, artearen eta kalearen interakzioa baino harago doan mezua zabaltzen da. Izan ere, krisi garai latzotan etsipena eta fatalismoa ezarri nahi dutenen aurrean, herritarren parte-hartzeak eta jarrera ausart batek bide berriak urratzerik badagoela frogatzen dute. Artea bera egoera honetan eragiteko baliabide zinez indartsua dela erakutsiz.
Artekalea izen ezin aproposagoa du Bergarako kale museo erraldoiaren gune ikusgarrienak. Artekalea, baina, artea eta kalea baino gehiago da.