Udate
Donostikluba jaialdiak saio bereziekin osatuko du bere egitarau anitza
Gazteszenako terrazan guraso eta haurrentzako emanaldia, Kontadores Gazte Zentroko hip hop emanaldia eta DJak eta Le Bukowski musika klubeko festa izango dira jaialdiko egitarauaren osagarriak.
Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
San Miguel Donostikluba jaialdiaren zazpigarren edizioaren kartela eta egitaraua aurkeztu zuten atzo arduradunek Egiako Kultur Etxeko, Gasteszenako, terrazan.
Terraza hori, hain zuzen ere, ekitaldien agertoki bilakatzea da jaialdiaren berrikuntzetako bat. Izan ere, urriaren 4tik 5era bitartean ospatuko den jaialdiaz aparte, saio bereziak ere izango dira.
Naiara Sampedrok, Donostiako Gazteria zinegotziak, azaldu zuenez, Gazteszenak Donostiakluba Txikia izeneko ekitaldia hartuko du bere baitan. Urriaren 6an izango da -eguerdian- eta gurasoak haurrekin gerturatu ahal izango dira, hurrengo belaunaldien artean musika zaletasuna sustatzeko. Gainerako saio bereziak irailaren 28an izango dira Kontadores Gazte Zentroan. Hor arituko dira Shariff eta Gallinero Allstars hip-hop taldeak eta bertan egingo dute Le Bukowski musika klubean ospatuko den jaialdi aurreko festa. Klubean urriaren 4an -gauez- DJak ere izango dira.
Nerea Txapartegi Donostiako Kultura zinegotziak azpimarratu zuen musika independentearen baitan jaialdi garrantzitsua dela eta kultura horren espirituari jarraituz, bertako taldeak eta formatu txikiko ekitaldiak bultzatuko dituela. Lekuko taldeak izango badira ere, nazioarteko sona handiko musikariak ere izango dira, baina jaialdiaren lemari jarraituz beti ere; «XL kontzertuak formatu txikian», musikaren gertutasunaz gozatzeko.
Hip-hopa egitarauan
Irailean jaialdiaren aurrekari bat ikusi ahal izango dugu, baina urriaren 4an, 5ean eta 6an (osteguna, ostirala eta larunbata) izango dira kontzertu gehienak. Hala, ostegunean, Veronica Falls, McEnroe eta Naica taldeak arituko dira Gazteszenan. Ostiralean toki berean The Wave Pictures, Pegasvs, Tachenko eta Jero Romero arituko dira. Amaitzeko, larunbatean, Antzoki Zaharrean The Tallest Man on Earth, House of Wolves eta Daniel Martin Moore-n emanaldiak ikusteko aukera izango da.
Une berean, Gazteszenan Hip-Hop-Reggae saioa izango da Swan Fyahbwoy-ren eskutik. Musika estilo hau aspalditik ekarri nahi zuten jaialdira, gazte ugari erakartzen duelako, eta aurten lortu dute. Jarraian, La Casa Azul, Reina Republicana eta Anai Arrebak taldeak igoko dira taula gainera. Amaitzeko, DJ Coco eta DJ Goo izango dira.
Krisiari aurre egiten
Antolatzaileek adierazitakoaren arabera, aurtengo edizioa orain arte izan den osoena eta beteena da. GinMusic ekoiztetxeko arduradun Sergio Cruzadok aitortu zuen BEZaren igoerarekin «kulturak beste sektoreek apurtutako platerak ordaindu» beharko ditula, baina irailaren 1etik aurrera sarreren prezioak mantentzeko ahalegin handia egingo dutela (12 eta 15 euro artean, 40 euroko bonua erosteko aukerarekin).
Gainera, Naiara Sampedrok gaineratu zuen Kontadoreseko ekitaldiak merkeagoak izango direla (6 euro), «egun bizi den egoerara egokitzeko». Sarrerak jada salgai daude.