GARA > Idatzia > Kultura

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Musikaren protestak

Protesta-kantua musikaren beraren hasieratik hor izan da. Musikak alaituko gaitu, baina barruan ditugun ideiak askatzeko balio izan du betidanik. Kantuaren bidez gorrotoak eta maitasunak azaleratuko ditugu. Kantuarekin libeloak eta kritikak eraikiko ditugu. Protesta-kantu musika estiloak XIX. mende bukaeran izan zuen hasiera. 1960tik aurrera hainbat musika estilotara zabaldu zen: musika tradizionala, folk, blues, rock, rap, punk, ska... Beti da garaia protesta egiteko, askok gizarte hau normaltzat dute, baina izorratu baino ez du egiten gizakia bere osotasunean, nahiz eta multzo txiki bat eroso dabilen. Beraz, erosoei eraso protesta-kantuarekin. Azalkeria mamitasuna baino gehiago estimarazi digute faxismo mikrologiko garaietan (ez du ikusten ez duenak nahi, baina usain daiteke edozein bazterretan).

Beraz, protesta musikarekin. Baina protestak ere isilarazi nahi dizkigute. Behin eta berriro boteretik aldarrikatuko dute manifestazio txikienari uko egitea, eta bestela isuna, pilotakada, borra eta legea. Matxinadari ezin diogu inoiz bizkar eman. Ekintza iraultzaileari ezin diogu dolu unerik eskaini. Murrizketa baino beste biderik ez omen da geratzen. Murrizketa ez dute soilik arlo ekonomikora mugatuko, politikora eta sozialera ere ekarriko du faxismo mikrologikoak, botere politikoak. Protesta-kantuak ez ezik, musikak ere desobedientzia antolatu beharko luke hortz zorroztuekin. Musikari asko egongo da doinu desobeditzailea» lantzen. Musikaren hitzen bidez makina bat gertakizun memorian iltzaturik ditugu. Erreskate garaian doinu amorratuek, errealitate doilorraren aurkako leloek bustiko gaituzte.

Hau da musikaren beste autodefinizio bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo