Udate
Vicent Cassel protagonista, Baionako besten 80. urtemugan
Baiona herritarren eskuetan egongo da igande arratsera arte. Atzo Vicente Casselek eta Ivan Levaik, Aviron errugbi taldeko gazteekin batera, bota zituzten hiriko giltzak festazaleen artera, baionarrek aurten 80 urtez ospatuko dituzten bestei hasiera emateko.
Ainize BUTRON | BAIONA
Kolore zuriz eta gorriz jantzi zen atzo Baiona, lau egunez iraunen duten bestei hasiera emateko. Tradizioari eutsiz, arratseko hamarrak arte itxaron behar, herriko etxeko balkoitik, bertan bilduak ziren milaka lagunen aitzinean, «Besta on denoi, bonne fête à tous!» deiadarra entzun ahal izateko.
Maddi Sarasua bertsolariak izan zuen, hamarrak laurden gutxitan, gaualdiko lehen hitza bertso baten bidez eskaintzeko aukera. Bestei ongietorria emateaz gain, Sarasuak bertan ziren milaka lagunei «Garai berri hauen garra. Aurtengo bestek piztu bezate grina eta irriparra. Urte osoan aitzinatzeko beharko dugun indarra», bertsoa eskaini zien.
Gaskoiz «besta on» opatzeko hitzak zabaldu ziren ondotik, urtero bezala, eta katedraleko ezkilak hamarrak jo bezain laster Vicent Casselek (aktore frantsesa), Yvan Levaik (kazetaria) eta Aviron errugbi taldeko jokalari gazteek bota zituzten giltzak Baionako plaza nagusian bildu ziren festazaleen artera. Datozen egunetan Lapurdiko hiriburua herritarren esku egongo da.
Baina, besta behar den bezala hasteko, Leon errege ospetsuaren lehen iratzartzearen zain egon behar izan zuten guztiek. Animoak ematen aritu ziren panpinari. Su artifizialekin batera, erregea estaltzen zuen erridaua erori zen, ofizialki bestak abiatu zirela jakinarazteko. Berehala, musika eta jai giroa nagusitu ziren Lapurdiko hiriburuko plaza eta karriketan.
Dantzaz eta edariaz gain, zein izaten dira besta egiteko elementu nagusiak? Kirola eta janaria. Atzo bi faktore horiek izan ziren nagusi egunean agertuz joan ziren animazioetan. Goizean goiz, lau bat mila lagun elkartu ziren Biarritzen, urteroko festazaleen lasterketaren proba egiteko. Goizeko bederatzietan emana zuten hitzordua Biarrizko Hondartza Handian, Baionako Boufflers aparkalekuraino hamahiru kilometro korrika egiteko.
Kirola egin eta jan
Baionako Santespiritu zubian lasterkariak goaitatzen zituztenek, ordubete itxaron behar izan zuten lehen kirolariak agertzen ikusteko. Lau mila ziren, orotara, atzo eguerdiko zintzur bustitzea edo aperitifa gozatu aurretik, lasterketari ekin ziotenak. Horien artean zegoen Serge Lacroix, lanbidez sendagilea; beste hainbatek bezala, eguneko plangintza finkatua zeukan: goizean kirola, eta ondotik, lagunei aperitifarako hitzordua emana zien, gero gau ilunera arte bestan jarraitzeko. Tradizio bilakatua da, izan ere, Baionako herritar askorentzat asteazkeneko lasterketa hori. Eta bost eguneko besta hasi aurretik, sasoia guztiz ez galtzeko, kirol mota asko gozatzeko aukera izan zuten atzo herritarrek. Arratsaldean, esaterako, iazko edizioan hasitako euskal borrokaren ekitaldia izan zen.
Poudriere gunearen aitzineko pentzean kokatu zuten berriz ere emanaldia. Iazko arrakasta gogoan zutela, arratsaldean zehar herritarrei euskal borroka zer den erakusten aritu ziren. Ume, gazte, emakume zein gizon, guztiek izan zuten ikasteko aukera.
Antolatutako beste kirol ekitaldien artean, piragua eta traineru lehiaketak izan ziren. Jaien egitarauan egonkortzea lortu dutela agerian geratu zen atzo lagun ugari elkartu baitzen Errobi ibaiko zubietan animoak emateko.
Nolanahi ere, ekitaldi guztien artean arrakastatsuena, biper moleta lehiaketa izan zen. Nazioartekotzat emana den lehiaketa horrek hamalau elkarte bildu zituen berriz ere merkatuko plazan. Hiru orduz kozinatzen igaro ondoren, lehiakideek tortilla ezin ederragoak aurkeztu zituzten bertan ziren guztiei jateko gogoa piztuz. Haize Egoa abesbatzak lau kantu abestu ondoren Irulegiko arnoarekin jai giroan jarraitu zuten antolatzaileek.