GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Bilbo Zaharreko jaiak hasiko dira gaur, auzotar guztientzako ekintzekin

Auzoko Jai Batzordeak antolatu ditu bere osotasunean Bilbo Zaharreko jaiak. Bihar, batukada antolatu dute Udalaren debekuak salatzeko. Horrez gain, gazteentzako kontzertuak, umeentzako kale animazioak eta helduentzako musika ikuskizunak izango dira, besteak beste.

p052_f02.jpg

Jon ADAN | BILBO

Gaur hasiko dira Bilbo Zaharreko jaiak. Hala ere, atzo Gazte Eguna ospatu zuten auzoan. «Tradizioa da jaiak hasi baino egun bat lehenago, auzoko gazteek antolatuta, Gazte Eguna ospatzea». Iratxe Landajuelaren hitzak dira. Bilbo Zaharreko Jai Batzordeko kidea da bera.

Hartara, gazte bazkaria egin eta gero, arratsaldean ur-guda egin zuten Bilbo Zaharreko eta Alde Zaharreko gazteen artean; eta bukatzeko, iluntze aldera gazte kontzertuak izan ziren Bilbo Zaharreko plazan.

Horiek horrela, gaur, iluntzeko zortziak aldera, auzoko plazan egingo duten pregoiak emango die hasiera Bilbo Zaharreko jaiei. «Aurten langabeen asanbladak botako du kohetea eta auzoko Banda Karton taldeak, kartoiz egindako instrumentuekin, girotuko ditu jaietako lehen ordu horiek», azaldu du Landajuelak.

Ondoren, Lursoinuak musika eskolaren eskutik kalejira izango da, eta segidan Jai Batzordeak plazan bertan jarritako txosna zabalduko du. Eguna amaitzeko, erromeria izango da Dantzadi eta Mandoilek taldeekin.

Biharko, 12.30erako batukada-burrunbada antolatu dute, Martzana kaian, erreka ondoan, Udalak emandako debekuen aurka eta kalearen erabilera publikoa aldarrikatzeko. «Auzoko artisau, nekazari zein dendarien produktuak ezagutzera emateko, azoka bat egitea proposatu genuen, eta udaletxeak ezetz esan zigun, ekintza `polita' ez zela argudiatuta», salatu zuen Landajuelak.

Ondoren, 15.00etan, Bilbo Zaharreko Herrira taldeak antolatuta, elkartasun bazkaria egingo dute; eta arratsaldeko zazpietan aldiz, haurrentzako animazioa izango da, Kukutza gaztetxean ibilitako Disparate taldearekin; bi ekitaldiak plazan. Gaueko hamarretan aldiz, kontzertuak, Inoren Ero Ni eta B.C Bombs taldeekin eta auzoko presoen aldeko ekimena egingo dute, hori ere plazan.

«Slackline», berritasuna

Igandean, eta aurten berritasun gisa, Marzanako kaian, slackline-a antolatu dute. «Errekaren ertz batetik bestera soka bat jarri eta auzokide batzuek kordel gainetik zeharkatuko dute ibaia», dio Iratxek.

Handik ordubetera, kukaña izango da Martzana kaian, eta 15.30erako Jai Batzordearen bazkaria antolatu dute, tortilla txapelketan parte hartu dutenekin. Arratsaldeko seietan aldiz, jaiei bukaera emateko, eta nagusiak alde batera ez uzteko Sokrates helduentzako musika herrikoiaren emanaldia iragarri dute.

PARTE-HARTZAILEAK

Jai Batzordeak auzokoen parte hartzea bultzatu du, «jaiak auzotik antolatuta eta auzoarentzat eginak izateko», dio Landajuelak. Bestalde, jai euskaldunak izatea nahi dute eta jarrera sexistak eta homofoboak ekiditeko konpromisoa hartu dute batzordeko kideek.

GURE KASIMIRA

Bilbo Zaharreko jaietan pertsonaia berezia dute: «Kasimira du izena, emakume erraldoia da, pirata itxurarekin eta arrantzalez jantzita doa, garai batean, auzoan zeuden meategien eta errekaren omenez. Bilbo Zaharreko esentzia islatzen du», azaldu du Iratxek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo