GARA > Idatzia > Euskal Herria

Informatika zaleen bitxikeria artean, martxan da aurtengo Euskal Encounterra

p013_f01.jpg

Mikel PASTOR |

Apaindutako ordenagailu, koloretako kable, betaurreko lodi eta algara-oihu artean, Euskal Encounterraren hogeigarren edizioari hasiera eman zioten atzo BECen. Antolatzaileek onartu bezala, hogei urte betetzea «ez da lan erraza» eta horregatik, «informatikaren jai hau posible egiten dutenei» eskerrak eman zizkien Encounterraren zuzendari Sabino San Vicentek.

Kalkulu positiboen arabera, 6.000 lagun inguru batuko dira Bilbao Exhibition Centerreko bosgarren pabilioian. Atzo, hasiera eman baino zenbait minutu lehenago, milaka pertsonak euren tokia gordeta zuten, eta hori apaintzen eta antolatzen zebiltzan, aulki, sofa, koltxoneta eta janari poltsen artean. Halere, asteburua heldu ahala, jende gehiago espero da, antolakuntzak onartu duenez.

Areto nagusiaz aparte, beste zenbait gune izango dira party (festa) erraldoi honetan. Pabilioian bertan, Gamegune deiturikoa izango da, Counter Strike jokoan aritzen diren jokalari profesionalentzat. Adituek diotenez, mundu mailan txapelketa ospetsua ei da Euskal Encounterrekoa. Orotara, 22.000 euro banatuko ditu Gameguneak irabazleen artean.

Atrioan Opengunea jarri dute. Bertan, tailerrak eta konferentziak kokatuko dira, eta Bizkaiko Aldundiak jarritako Twitrometroa, euskarazko tweeten truke krispetak eskaintzen dituena.

Lo egiteko denborarik gabe

Betagarriren abesti ezaguna ulertzeko toki ezin aproposagoa da Barakaldoko konbentzio gunea; informatika eta ordenagailuekiko zaletasun «normala» soberan gainditzen dutenek ez baitute kale egiten hitzordu honetan.

Irekiera egunean lau egunez «lorik ez egitea» helburu duten zenbait gazte topatu ahal izan genituen, baita hainbat txapelketatan parte hartzeko Kantabriatik, Coruñatik edo Madrildik etorritakoak ere. Lehendabiziko bueltan joko zehatz batean irabazteagatik ezustekoak diren oihu indartsuak -are gehiago, era guztietako apaingarri, argi eta gailuz apaindu eta hornitutako konputagailu, telebista eta teklatuen aurrean- arrunt bilakatzen dira minutu batzuk igarota.

Encounterrera gerturatzen diren zaleen artean, ordenagailuetarako jokoetan aritzen direnak dira gehiengoa, alde nabarmenarekin. Hamabost txapelketa antolatu dituzte, joko bakoitzeko bana, lau egunetarako. Ordenagailu eta bideokontsolarekin parte har daiteke, eta Oscar Sanchez Sonos jokoen zuzendariak GARAri adierazi zionez, 1.200 jokalari espero dituzte txapelketa guztien artean».

Horrelako ekitaldi erraldoia antolatzea, logikoa denez, ez da batere erraza, eta sekulako plangintza dauka atzean. Antolakuntzako hainbat kiderekin hitz eginda, Encounterra prestatzen hilabete ugari eman dutela adierazi digute, «kristoren esfortzua eginez». Kable eta elektronikaz arduratzen dena, prentsa oharrak idazten dituzten bi neska gazteak, koordinatzaile nagusia... zoratzeko puntuan guztiak. Zoramena, zenbait zoro ordenagailu-joko zoroekin zoratu daitezen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo