Bravoren auziko ardura politikoak argitzeko exijitu dio EH Bilduk EAJri
Irungo Ogasuneko iruzurraren karietara, erantzukizun politikoetan gehiago sakondu behar dela uste du koalizioak eta, alde horretatik, EAJri auziaren inguruko ardura guztiak argitu ditzala eskatu dio.
Gipuzkoako Auzitegiak, Irungo Ogasunaren iruzurra dela-eta, Jose Maria Bravo eta Roso Cobosi ezarritako zigorraren berri izan ostean, auzi horren atzean dauden erantzukizun politiko guztiak argitzera deitu zuen atzo EH Bilduk. Rebeka Ubera, Iban Asenjo, Agurne Barruso eta Xabier Sotok agerraldia egin zuten Donostian eta mezu zuzena igorri zioten EAJri: Bravoren auzian izandako erantzukizun politikoa argitu dezala.
Uberaren esanetan, epaiak iruzurra zigortzen duen arren, orain ardura politikoen zehaztapenetan sakontzeko garaia da. EH Bilduren ustez, «ez da oso normala hogei urte luzez gisa horretako delituzko jokabideak aurrera eramatea inpunitate osoz, inork ezer jakin gabe». Bravok iruzurra egindako urteetan Foru Ogasuna EAJk zuzentzen zuela gogorarazi ostean, «jarrera ilun eta ustel» horren inguruko ardura politikoak argitara ateratzeko eskatu zuen.
Bestalde, Bravok «gipuzkoar guztiei lapurtu eta iruzur egin» ziela azpimarratu zuen. Horren atzean, Ogasunaren kontrol mekanismoen funtzionamendu txarra dagoela salatu zuen Uberak.
Jendarteak ezezkoa eman du
«Sententzia aintzat hartzen duela dioen prentsa ohar xume batekin ez dira erantzukizunak argitzen eta aintzat hartzen», nabarmendu zuen. Horrenbestez, Joseba Egibar, Markel Olano eta Eneko Goiari dei egin zien Bravoren auzian EAJk izandako loturari buruzko azalpenak eman ditzaten. «Finean, EAJren kudeaketa politikorako eredua da Bravoren aurkako epaiarekin zigortu dena», ondorioztatu zuen. Ildo horretan, kudeaketa eredu horren adibideak jarri zituen mahai gainean: «Bidegi-n utzitako 900 milioiko zuloa» edota «Balentziaga museoa abian jartzeko dirua bidegabeki erabili izana».
EH Bilduren ustez, Gipuzkoako jendarteak politika egiteko eredu horri ezezkoa eman dio. Horrela, instituzioetatik dagoeneko aldaketa bideratzen ari dela azpimarratu zuen Uberak. Koalizioko ordezkariek herritarren zerbitzura egongo den politika garden eta parte hartzailearen aldeko apustua egin zuten eta iruzur eta korrupzioaren aurkako neurriak indartu eta garatzeko konpromisoa agertu zuten..