GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Uribetxebarriaren osasunaren larriagotzeak herri salaketa eta mobilizazioa eskatzen ditu

Larri gaixotuta espetxean jarraitzen duten hamalau euskal presoen artean, Josu Uribetxeberria arrasatearraren osasun egoeraren gaiztotzeak alarma guztiak piztu ditu. 2005eko apirilean tumore handi bat detektatu zion urologoak ezkerreko giltzurrunean. Cadizeko Puerto Realeko Ospitalean ezkerraldeko giltzurrun neoplasia (minbizia) bat diagnostikatu zioten. Urte bereko ekainean, ezkerreko giltzurruna kendu zioten (nefrektomia); ondorioz, bizi arteko kontrola eta tratamendua behar ditu. Atzo jakitera eman zutenez, oraingoan Mansilla kartzelatik Leongo ospitalera eraman dute, biriketako nodulu bat dela-eta, eta bertan beste nodulu bat aurkitu diote, buruan. Berri zehatzagoen esperoan, ozen salatu beharreko egoera krudela da. Larri gaixo, preso eta urrutiratuta atxikitzea, eskubideen urraketa ez ezik, haren senide eta lagunentzako ezintasunezko barne min sentimendu latza da. Egoera ez da inola ere txantxetarakoa.

Gatazkaren humanizaziorako borondate minimo bat balute, askatu egingo lukete. Sikiera, hobeto artatzeko Euskal Herriratu. Zoritxarrez, mendeku gose dabiltzanek ez dute borondate propioz halakorik egingo. Hortaz, salaketa eta herri mobilizazioaren beharra premia bizikoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo