Aizkora | Bigarren Maila
Unai Otañok aurten ez du hutsik egin
Jon LEUNDA
Unai Otañok ez zuen hutsik egin. Berak irabazi zuen Gipuzkoako Bigarren Mailako txapela. Iaz lortzerik izan ez zuena aurten lortu du, eta datorren urtean maila nagusian arituko da. Harrigarria egiten zen Euskal Herriko Lehen Mailan egon eta Gipuzkoan bat beherago egotea, baina orain bietan dago mailarik onenean.
Aian eta Beasainen jokatutako bi kanporaketetan sailkatutako sei onenek jokatu zuten atzo finala Mendaroko pilotalekuan. Beti bezala, jendeak bikain erantzun zuen eta harmailak erabat bete ziren. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen saioan zehar.
Unai Otaño zen garaipena erdiesteko faborito nagusia, eta Ibarrakoak hasieratik erakutsi nahi izan zuen han zein zen nagusi, eta berehala hasi zen aurrea hartzen. Atzetik Mikel Larrañaga azpeitiarra bakarrik zen berari jarraitzeko gauza, baina azkenerako Ibarrakoak alde nabarmena kendu zien, eta azkeneko enborrean sartzerako nahikoa garbi zegoen atzoko garaipena zeinek eramango zuen.
Bigarren posturako ere ezzen izan aparteko emoziorik. Larrañagari Otañok ihes egin zion, baina baita berak ere gainerakoei. Bigarren postu hori ez zuen une bakar batean arriskuan izan, eta podiumeko bigarren maila bete ahal izan zuen azpeitiarrak.
Emoziorik handiena hirugarren posturako izan zen. Irazuk, Telletxeak eta Zalduak borroka gogorra izan zuten, baina azkenean Zizurkilgoak aurrea hartu zien, podiumeko hirugarren maila osatu ahal izateko. Telletxeak ere Zalduari hamar segundo kendu zizkion, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Azkena, berriz, Ugaitz Mugertza sailkatu zen. Mutrikuarra ongi hasi zen, baina gero behera egin zuen, eta ezin izan zuen azkeneko postutik ihes egin.
Bestalde, hantxe bertan jokatu zen Gipuzkoako Lokotx-biltze Txapelketa, eta Zulaikak lortu zuen txapela. Bigarren postuan sailkatu zen Eneko Garmendia.
Desafioa
Juanjoxe Lizaso segalariak apusturako deia egin dio Jexuxmari Ormaetxeari. Hiru aukera ematen dizkio gainera. Bata ordubeteko lana izango litzateke berdinean, baina ordu erdi bat sega norberak zorroztuta eta beste ordu erdia laguntzaileek zorroztuta. Bestea ere ordubetekoa izango litzateke, baina hemen 100 kiloko abantaila eskatzen dio. Hirugarrengoa, berriz, ordu eta erdi jokatzeko, baina hor 200 kiloko abantaila eskatzen dio. Asteasukoa gaur egongo da Kantabriko tabernan, Tolosan, 21.30etatik 22.00etara.