GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Carmen Ubagok irabazi du Donostiako suen kartel lehiaketa

«Kolorez bizi!» Carmen Ubagoren body art estiloko kartelak iragarriko du Donostiako Aste Nagusian egingo den 49. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa. Zortzi etxe izanen dira, eta Pirotecnia Valecea arabarrak itxiko du festa Victoria Eugeniari eskainitako ikuskizunarekin.

p050_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Carmen Ubago diseinatzaile grafiko, irudigile eta erretratugile donostiarraren kartela aukeratu dute 49. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa iragartzeko. Olio pinturaz margotu du eskua mihise moduan, argazki bat atera dio eta gero ebaki egin du Photoshopekin. Hala lortu du kontrastearen edertasunaz gozatzera gonbidatzen duen body art estiloko kartela, «Kolorez bizi!» izenekoa.

Hainbat publizitate agentziatan lan egin duen eta orain freelance gisa ari den sortzaileak txikitatik ikusi izan du ama olio pinturaz koadroak margotzen. Hortik sortu zitzaion pinturarekiko eta, orokorrean, artearekiko zaletasuna. «Ikatz-ziriz erretratuak marraztea gustatzen zait, baita akuarela ere, ahaztu behar ez dugun landako kutsu hori mantentzen baitute», adierazi zuen atzo aurkezpenean. Berarekin izan ziren Donostia Kulturako ordezkariak eta su artifizialen sustatzaileak, aurtengo edizioaren xehetasun guztiak ematen.

Hasteko, Xaraiva galiziarra

Abuztuaren 11n izanen da lehendabiziko ikuskizuna, Xaraiva Galiziako etxeak prestatua. Familia enpresa hau etengabe handituz joan da 1960az geroztik, Estatu mailan pirotekniaren erreferente bilakatzera iritsi arte. Zigilu berezia dute, enpresan egindako material propioek eta pilatutako eskarmentuak emandakoa.

Ondotik, Lieto Fireworks, Esteban Martin, Intermede, Pirofantasia, First Class eta Caballer FX etorriko dira, eta bukatzeko, abuztuaren 18an, Pirotecnia Valecea arabarrak aurten mendea betetzen duen Victoria Eugenia antzokiari eskainiko dio ikuskizun piromusikala. Ramon Maria Lili kaletik, Jesus Maria Leizaola pasealekutik eta Maria Cristina zubitik gozatzen ahalko da Bernardo Sanchiz Vallbona zuzendari artistikoak diseinatutako emanaldiaz.

SU ETXEAK

Etxe hauek etorriko dira: Galiziako Xaraiva, Italiako Lieto Fireworks, Esteban Martin granadarra, Intermede frantziarra, Valentziako Caballer FX eta Pirofantasia, First Class alemaniarra eta Valecea euskalduna.

VICTORIA EUGENIA

Pirotecnia Valecea Arabako etxearen ikuskizunak 22 minutu iraungo ditu eta Victoria Eugenia antzokiaren historia errepasatuko du, bere ehun urteetako gertakari nagusiak bilduz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo