GARA > Idatzia > Kultura

Udate | baionako bestak

Bestetan egon ala bestak egin!

Jean-Jo FERRAND, Baionako bestetan aditua eta «kutzuzalea» berriketan

p054_f03.jpg

p054_f04.jpg

Aurten besten ate irekitzea Baionatik kanpo bizitzea suertatu zait, eta ez zait oso erraza gertatu giroarekin konektatzea. Baionako bestak ez dira sanferminak. Inork ez du ezer antolatzen Paris edo New Yorkeko euskal etxeetan bestak ohoratzeko. Sanferminen karietara, txupinazo ttipiak antolatzen dira, eta nahiko patetikoak izan arren, prentsan agertzen dira sanferminak «mundu osoan parerik gabeko bestak» direla frogatzeko.

Baionako bestei dagokienez, ez da horrelakorik ezer. Kanpoan gauden gehienentzat soilik Internet geratzen zaigu besten irekitzearen zaporea dastatzeko. Hala ere, Interneten dagoen materiala biziki pobrea da. Lehenago udaletxearen foro ofiziala zegoen, baina duela lau bat urte izandako istiluek sorturiko polemiken ondorioz nahiago izan zuten itxi. Foroetan gauza gutxi, prentsan astakeria asko; horien artean, Baionako bestak munduko laugarrenak direla (erran gabe doa Baionako turismoaren bulegoaren arabera dela). Orduan, aurten, Francis Marmande idazle eta baionar kazetari ospetsuak idatzi duen «Faites les fêtes» liburua irakurri behar izan dut giroan murgiltzeko.

Gure intelektual jazzofilo-zezenzaleak lan korapilatsua idatzi du, izen pila botatzen (idazleak, musikariak, xelebreak) eta erreferentziak (literarioak, psikanalitikoak, jazzaren gainekoak) metatzen ditu. Halere, bestak hurbiletik ezagutzen ditu, baina, beharrik, ez digu erraten nola egin behar diren... Eta, hori eskertzekoa da, Baionako bestak norberak egin behar baititu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo