Udate | baionako bestak
«Baiona, egitura aldetik hiri ezin aproposagoa da besta egiteko»
J.M. Landarretche
Ainize BUTRON |
Landarretchek urte askotako harremana dauka Baionako bestekin. Aurten, jaiek 80 urte ospatzen dituztela, Jean-Marcek horiek ospatzen berrogei urte daramatzala aitortu digu, urte bakar batean ere hutsik egin gabe. Jaiak berpiztu eta euskal giroa sustatzen aritu den Ibaialde elkarteko lehendakaria da eta, lagun talde batez inguratuta, bertako karriketan ikusten dugu, urtero-urtero, bere hitzetan «urteko parentesia» eta «arazoak gibelean uzteko aproposak» diren jaiez gozatzen.
Asteazkena zelarik egin genuen topo berarekin. Taula gainean zegoen esatari lanean, munduko piper-moleta lehiaketaren emaitzen berri emanez. Horretan zegoela, tarte bat eskaini digu, baina, aurretik, arno fresko baso bat eskuetan izatea ezinbestekotzat jo du. Orai Bat elkartearekin, dantzari, eta ondotik, txistulari gisa hasi zituen bestak Landarretchek. Esperientzia luze hori kontuan harturik, Ibaialdeko lehendakariak Baiona besta egiteko hiri ezin aproposagoa dela dio. «Ez dakit nork pentsatua den hiri honen egituraketa, baina, seguru nago pentsatu zuela hiri horretan noizbait bestak eginen zirela». Karrikaz karrika, berak izendaturiko «kolorezko bestak» ditu maiteen, hots, goizetik gauerdira arte, eta asteazkenetik igandera arte iragaten direnak.
Asteartean noiz?
Jean-Marc, Baionako beste hainbat herritarren gisara, ate irekitze ofizialari kasu izpirik egin gabe, jaiak asteazken goizean hasten dituen horietarikoa da. Eta, kalakan geundela, galdera bazterrezina iruditu zitzaigun: «Ea, Jean-Marc, hainbeste gauza egiten dituzuela Baionako jaietarako, noiz hasiko zarete, jaiak astearte gauean ireki behar direla aldarrikatzen?». Galderari berehalakoan erantzun dio Landarretchek: «Bestak astelehen eguerditan hasiko direlarik!!». Jean Grenet auzapezak udaletxean buru izaten jarraitzen duen bitartean horrelakorik ez dela sekula gertatuko argi dauka Ibaialdeko buruak, baita asteazkeneko jaiaz lasai asko gozatzen jarraitzen ahalko duela oraindik urte batzuetan behintzat ere.
Berrogei urteko ibilbidean zaila da anekdota bat nabarmentzea, eta anekdota baino oroitzapen bat aipatu du Landarretchek. «Istorio eta anekdotak milaka ditut, baina oroitzapen zoragarriena duela hogei urte Dantzaz'pi sortu izana da».