GARA > Idatzia > Kultura

Udate | baionako bestak

Umeen eguna: haurrek tronpeta hotsez bete zituzten hiriko karrikak

Urteroko jaien Haurren Egunari bigarren izendapen bat eman beharko balitzaie, «tronpeten eguna» litzateke aproposa. Ohi den bezala, egun horretako egitaraua haurrei eskainia zaie, eta Leon erregearen gortearen desfileaz, entzierro txikiaz edo Poterne parkeko bazkari eta jokoez beste, haurrek, egun horretan gustukoen dutena askatasun osoz egiteko aukera izan zuten, hots, harrabotsa. Horretarako tresna ezin egokiagoa izan zuten tronpeta.

p054_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Txokolate beroarekin hasi, goizeko bederatzietan, Leon erregearen gorteko ziganteen desfilearekin jarraitu, entzierro txikira korrika egitera hurbildu, eta, Haurren Eguna izendatua den atzoko eguneko goiza eguerdiko Leon erregearen iratzartzearekin bukatu zuten umeek. «Leon! Leon! Leon!» oihukatuz udaletxeko plaza haurrez gainezka ikusi zen eguerdian. Baionako Aviron errugbi taldearen Pottoka maskotak, Baionako kadeteen errugbi taldeak eta Eva izeneko Baionako neskatila batek bota zituzten haurrei zuzenduriko hiru giltzak udaletxeko balkoitik. Ekimena oihu eta Leon erregea ohoratzeko abestiekin igaro zen. Hala ere, ostegun eguerdiko iratzartze horretan berrikuntza bat iragarria zen: ekintza sinboliko baten bidez, euskararen presentzia bultzatzeko asmoa zegoen.

Aitzitik, bozgorailua garaiz iritsi ez zenez, ekimena bertan behera utzi behar izan zuten. Han eta hemen, bakandu samar, urtero euskaraz kontatzen saiatzen diren lagun bakar batzuetatik kanpo, ekitaldia osoki frantses hutsean egin zen. Aurten huts egin bada ere, datorren urtean balkoitik euskara entzungo den esperantzari eusten diola azaldu zuen Kontseiluko ordezkariak. «Herriko Etxearekin duela hiru hilabete harremanetan jarri ginen, baina euskaraz egiteko sobera berandu zela erran ziguten. Datorren urtean saiatzeko erran ziguten», esan zuen.

Hildako bat

Umeen jaiak Poterne parkean jarraitu zuen. Puzgarri, joko, capoeira, zirku eta euskal kirolen gaineko ikastaroak izan zituzten aukeran haurrek. Udaletxeko balkoian ez bezala, bertan euskara entzuteko aukera izan zen. Esatarien erranak zein argibide panelak ele bitan zeuden. Bertan jarraitu zuten arratsalde osoan haurrek. Bitartean, Baionako karriketan eguneroko giroa pizten hasi zen.

Bestalde, ustekaberik ere izan zen atzo. Udaletxeak goizean pertsona bat hil zela jakinarazi. Goizeko sei eta erdietan, Landetako 43 urteko gizon bat, haurrekin autora zihoala, bihotzak jota zendu zen. Gertakari latz horrekin batera, larrialdi gunean 260 bat laguni harrera egin zieten suhiltzaileek, eta borroken ondorioz, beste ehun bat interbentzio burutu zituzten gauean zehar. Horien artean, sei lagunek Errobi ibaira jauzi egin ondoren ateratzen lagundu behar izan zieten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo