GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Ordiziako ezkonberriek esku-dantza egin dute Santaneroen Kofradia oroitzeko

Bost mende baino gehiago dituen ohitura ospatzen dute urtero Santa Ana jaietan, uztailaren 27an. Ezkonberriek irakasleen laguntzaz ikasten dituzte dantzak, urduritasuna gainditu eta dena ondo ateratzeko. Esku-dantzarekin hasten dira mutilak, eta ondoren aurreskua, soka-dantza, fandangoa, arin-arina eta atzeskua egiten dute Plaza Nagusian denek batera. Dantzan aritzen diren ezkonberriak santanero izatera pasatzen dira, tradizioari jarraituz.

p056_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | ORDIZIA

Santaneroen eguna ospatu zuten atzo Ordizian ezkonberriek tradiziozko esku-dantza eginez. Dantza honek Santaneroen Kofradiaren sorkuntza ekartzen du gogora eta bostehun urte baino gehiago ditu.

Goizean, iazko uztailatik aurtengora arte ezkondutako bikoteak, udal ordezkariak lagunduta, elizkizunera joan ziren, eta hamarretakoa hartu ostean, udaletxera abiatu ziren txistu eta danbolin hots artean. Eguerdia baino minutu batzuk lehenago denak udaletxe barruan bilduta zeuden herritar guztien aurrean egin beharreko pausoak errepasatzen.

Enrike Lacalle da ezkonberrien irakasleetako bat. Hiru aste eman zituzten dantzak ikasten berarekin eta, kontatu zigunez, zailena aurreskua eta atzeskua ondo egitea da.

Aurten, lau bikote besterik ez dira agertu dantzatzera, baina Lacallek dioenez, tradizioa ez da inoiz hilko. 1509koa da ohitura honen gaineko lehen aipamena, zaharragoa izan daitekeen arren. Uztailaren 27an ospatzen da beti, eta gaur egun Santa Ana jaien baitan ospatzen den ekitaldi bat bada ere, garai batean Santaneroen Kofradiako diruzainaren eta bestelako nagusien botere aldaketaren seinale zen. 1792ko akta liburua gordea dute oraindik, non aurreko urteko santaneroek eta berriek sinatu behar duten. Une horretatik aurrera Santaneroen Kofradiako kide izango dira ezkonberriak.

Lacalleren esanetan, dantza ospakizun hau ez da sekula desagertuko, egunen batean ezkonberririk aurkeztuko ez balitz, dantzariek jarraituko luketelako ohiturarekin. Janzkera berezia ere mantentzen dute. Mutilek praka beltzak eta alkandora zuria daramate, eta neskek udaletxean utzitako zetazko xal dotorea. «Uste dugu Fray Andres de Urdanetak ekarri zuela ohitura hori, Euskal Herrian xalak ez direlako erabiltzen», azaldu zuen dantza irakasleak.

Esku-dantza udaletxe barruan hasten dute mutilek, neskek balkoitik begiratzen duten bitartean. Jarraian, bi mutilek desafioa egiten dute, eta ondoren, banan-banan jaisten dira neskak. Bakoitzari aurreskua eskaintzen diote, eta soka-dantza egiten dute zapietatik helduta. Denak plazan daudenean, elkarrekin, fandangoa eta arin-arina dantzatzen dute. Azken dantza atzeskua da; zapietatik helduta ilara bat osatzen dute, eta izkinetan gelditzen diren mutilek dantzatu egiten dute. Honela helduta herriari buelta eman zioten, izandako urduritasun guztia ahaztuta.

Kuadrillen Eguna ere bazen atzo. Santaneroak udaletxera iritsi orduko, bertan ziren gazte guztiak jaietako koloretako blusak jantzita. Aurtengo eta duela 25 urteko santaneroak Igor Eguren alkatearekin batera balkoira igo ziren eta txupinazoa bota zuten. Eztandaren ostean, joan den astean hasi zen jaiarekin jarraitu zuten ordiziarrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo