GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia | Bertsolaria

Gaiari erantzun

Sufrimenduaren subjektibotasuna dela medio, inori ez zaio berebizikoa irudituko esaten duguna. Gainera, disko marratuaren estigma ezarriko digute

Distantziak determinatzen du gertakariaren larritasuna». Ideia ondo gogoratzen dut, baina ez Unai Iturriagak zelan formulatu zuen zortziko nagusiko azken puntuan. Gizakion sufrimenduaren subjektibotasunak eraikitzen ditu norbanakoaren interes eta beharrizanak. Iruñeko seina dohakabeago senti liteke antsiatzen duen bideo-kontsola ez edukitzeagatik hirugarren anaia hil dioten ume palestinarra baino. Astakeria galanta dirudi eta, izan ere, hala da. Baina gizakiak zerikusi gutxi dauka erretorika humanistarekin. Ezinezkoa da sentitu ez duzuna buruarekin simulatzea. Ondorioz, jarrera orokorra gainerakoen min objektiboki bortitzagoak arrotz zaizkigula disimulatzea da.

Herrigintzan sano presente izan beharko genuke printzipio hori. Ostera, Che Guevararen bizarrean Nazareteko Jesusena ikusi zuten gure aurrekoek. Mezak ekitaldi politiko bihurtu ziren eta mezuen sozializazioak Ebanjelioaren zabalpenaren eredua jarraitu zuen. Misiolariak gerrillari bihurtu ziren, eta fede bakoei egia inposatzea desinfekzio mota bat da idealismo eredu guztietan. Metodo horrek, zilegi dela pentsatuta ere, korrelazio indar bat eskatzen du, Europan behintzat, gaur egun existitzen ez dena. Eta bizi dugun indar korrelazio egoerarako, gizartearekin konektatzeko tresna gutxi eskaintzen dizkigu. Batez ere, komunikabideek gai-jartzaile funtzioa betetzen duten gizarte «mediotizatu» honetan.

Gai-jartzaileak aipatuta, bertsogintzan, indar handiago edo txikiagoarekin, garatu zen elkarrizketa bat aipatu beharrean nago. Autore bertsolaritza aldarrikatu genuen batzuek sasoi batean. Gai-jartzaileen diktaduratik ihes egin eta sabelean geneuzkan tximeletei irteten utzi gura genien. Egañak, ostera, bertsolaritzak menutik kartatik baino gehiago duela esan zuen behin. Gure tximeletak uholdean askatzea baino, inguruko baldintzek, gai-jartzaileek saio formatu ortodoxoan, inguruko gertakizunek gainerakoetan, ezartzen dizkiguten muga, uztai txiki eta bihurrietatik, uztaiaren tamainaren araberako tximeleta txiki koloretsuak talde txikitan sarraraztea da bertsolaritza modernoa.

Hori, ostera, ez zen beti horrela izan. Entzulearekin konektatzeak kanturako gaiekin asmatzea eskatzen badu ere, errazagoa da aurrekoa norbere agendara ekartzea gai-jartzailerik gabeko saioetan, laugarren botere garaturik gabeko gizarteetan bezainbeste. Bertsolaritza transformatu den era berean eraldatu da gizartea, soziologoek alderantziz dela esan arren.

Eta horrek, praktika ebanjelikoak eta landu beharreko aurreikusitako gaiak alde batera utzi eta gai-jartzailearen menpe ibiltzera garamatza.

Ingurukoen sentsazio, interes eta ardurak detektatzeko sentsore lana biderkatu behar dugu, esan gura duguna uztai horretatik igarotzeko. Bestela, lehen aipatzen nuen sufrimenduaren subjektibotasuna dela medio, inori ez zaio berebizikoa irudituko esaten duguna. Gainera, disko marratuaren estigma ezarriko digute.

Presoak inoizko zigortuen, euskal kultura baliabiderik gabe, herri bezala ukatuak... baina bertsotarako gaia sozio-ekonomia da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo